Ziortzako kanpaldia eta ingeles udalekuak, udako eskaintzetako bi

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 20a, 00:00

Udako oporraldiari begira ere, aisialdirako eskaintza desberdinak izango ditugu. Dagoeneko, bi ekimenetan izen emateko epea zabaldu dute jada: bai Ziortzako kanpaldirako, baita Udarregi Ikastolako ingelesa ikasteko antolaturiko udalekuetarako ere. Hona ekimen baten zein bestearen inguruko zehaztasunak:

Ingelesa ikasteko udalekuak, Udarregi Ikastolan
Ingelesa ikasteko Udarregi Ikastolak aurtengorako antolatu dituen udaleku irekietako izen ematea ireki dute jada. Apuntatzeko azken eguna, apirilaren 19a izango da, ikastolako idazkaritzan. Udalekuok ekainaren 26tik uztailaren 23ra luzatuko dira, goizez eta lau orduz, 9:00-13:00 artean. "Ingelesa era dibertigarri eta desberdin batean ikasteko aukera eskaintzen dizuegu. Irakasle “natiboekin” eta talde txikitan. Jatorrizko hiztunak diren hezitzaileek gidatutako udaleku irekia eskainiko da, 5 eta 11 urte bitarteko haur eta gazteentzat. Ikasle-talde bakoitzak bere hezitzailea izango du, jokoak, eskulanak, ipuin-kontaketak, antzerkiak, proiektuak, IKTak eta abar ingelesez egingo dituzte. Hezitzaileak, jatorrizko ingeles hiztunak izango dira, hau da, ama hizkuntza ingelesa dutenak. Horien egonaldia, programan parte hartzen duten ikasleen familietan izango da. Udaleku hauen prezioa 300 eurokoa da eta gutxieneko taldea osatu beharko da. Monitorea etxean hartzen duen ikasleak udalekua dohainik izango du", berri eman du udarregi.com web orriak.

Ziortzako kanpaldirako izen ematea, irekita
Peñaloscintosera (Errioxa) joateko aukera izango dute aurten ere, LH 5-6 mailetan eta DBH zikloan ikasten ari direnek. Udako kanpaldia antolatu baitu Ziortzak. Izen ematea irekita dago jada, martxoaren 31ra arte. Larunbat honetan, hilaren 23an, apaiz etxean apuntatzeko aukera egongo da, 11:00-13:00 artean. Posta elektronikoz ere izena eman ahal izango da, ziortzage@gmail.com helbidera idatzita. Edota izen emate orria apaiz etxeko buzoian utzita. Apuntatzeko orriak hain zuzen, Kale Nagusian kokatua dagoen apaiz etxean, edota Sutegin eskuratu ahal izango dira. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "plaza mugatuak izango dira aurten ere!". 


Bi txanda prestatu dituzte Ziortzakoek:
DBH 1-4: uztailaren 4tik 17ra.
LH 5-6: uztailaren 17tik 25era.