Txokoak Aginagan eta Usurbilen, datorren oporraldian

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 20a, 00:00

Antxomolantxa Kultur Elkarteak txokoak antolatu ditu Aginagan, datozen oporretarako. Zazpi egunetarako hain zuzen; martxoaren 25, 26 eta 27rako. Baita apirilaren 2, 3, 4, eta 5erako ere. Izen ematea ireki dute, honako telefono zenbakian: 610 875 287. Prezioa; bazkideek 10 euro, gainerakoek 20 euro.

Usurbil FT-ko txokoetan, izen ematea itxita
Usurbilen ere txokoak antolatu dituzte gaztetxoak murgiltzear diren opor hauetarako. Usurbil FT-k hain zuzen kirol txokoak prestatu dituzte apirilaren 2tik 6ra. Goizez, kirol jarduera desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute, 6-12 urte arteko haur eta gaztetxoek. Izen ematea itxita dago.

Arratsalderako plana ostiralean, Bihurri ludotekan
Bihurri ludotekak arratsalde pasa ederra antolatu dute, ostiral honetarako, martxoaren 22rako “Aste Santuko oporrak gainean ditugunez eta udaberria ere badatorrela aprobetxatuz”. 16:30etatik aurrera, “Petra, ipurdian bost letra datorkigu bisitan sorpresaren batekin eta ondoren bazkideentzat merendola goxo goxoa izango da. Animatu zaitezte!”, luzatu dute gonbita. 

Ingelesa ikasteko udalekuak, Udarregi Ikastolan
Bestalde, ingelesa ikasteko Udarregi Ikastolak aurtengorako antolatu dituen udaleku irekietako izen ematea ireki dute jada. Apuntatzeko azken eguna, apirilaren 19a izango da, ikastolako idazkaritzan. Udalekuok ekainaren 26tik uztailaren 23ra luzatuko dira, goizez eta lau orduz, 9:00-13:00 artean. "Ingelesa era dibertigarri eta desberdin batean ikasteko aukera eskaintzen dizuegu. Irakasle “natiboekin” eta talde txikitan. Jatorrizko hiztunak diren hezitzaileek gidatutako udaleku irekia eskainiko da, 5 eta 11 urte bitarteko haur eta gazteentzat. Ikasle-talde bakoitzak bere hezitzailea izango du, jokoak, eskulanak, ipuin-kontaketak, antzerkiak, proiektuak, IKTak eta abar ingelesez egingo dituzte. Hezitzaileak, jatorrizko ingeles hiztunak izango dira, hau da, ama hizkuntza ingelesa dutenak. Horien egonaldia, programan parte hartzen duten ikasleen familietan izango da. Udaleku hauen prezioa 300 eurokoa da eta gutxieneko taldea osatu beharko da. Monitorea etxean hartzen duen ikasleak udalekua dohainik izango du", berri eman du udarregi.com web orriak.