Arabatik Bizkaiara eta handik gaur gauerako Gipuzkoara bueltan dator, Korrika 18. Goierriko zenbait herri eta Debagoienatik barrena ibiliko da euskararen aldeko lasterketa. Gero berriz ere Arabatik Bizkaian sartuko da. Larunbatean kostaldetik helduko da Usurbila, eta igandean egingo ditu azken metroak Baionan.
Korrikaren amaiera bertatik bertara ikusteko, Lapurdiko hiriburura joateko alegia, autobusa antolatu du Usurbilgo Korrika Batzordeak. Bihar, martxoak 21, itxiko dute izen emateko epea. Izen emate orriak, Bordatxon, Txiribogan eta Etumeta AEK euskaltegian jarri dituzte.
Autobuserako behar beste jendek izena ematen badu, igande goizeko 9:15etan irtengo da Mikel Laboa plaza ondoko errotondatik. Gaueko 21:00ak aldera itzulera.
Irteera honen bidez, Baionan antolatu duten 18. Korrika amaierako jaialdian egun pasa egiteko aukera izango da hilaren 24an. Korrika amaierako ekitaldia, 12:30etatik aurrera ospatuko da Baionako Herriko Etxean. Hiru jai gune nagusi prestatu dituzte bertan. Merkatuan, "Baionan kantuz", Maialen Errotabehereren emanaldia, "Begiz begi" ekitaldia edota Patxi ta konpainia izango dira. San Andres izeneko gunean, kontzertuak: Esne Beltza, Willis Drummond, Itziarren Semeak... Eta azkenik, Xhao kaian, herri bazkaria, "Lekukoaren Bila" ginkanaren finala edota "Korrikantuz" ekimenak antolatu dituzte. Horrez gain, kale animaziorik ez da faltako Baionan. Hau guztia, 13:30etatik aurrera.
Ondoko irudian klikatuta duzue, Korrikaren amaiera jaialdiko egitaraua eta jai guneen berri.
Segidan, Korrika datorrela eta, antolatu den ekimen zerrenda:
Martxoak 21, osteguna: Korrika Txikia
14:30 Korrika Txikia.
16:30 Txokolatada eta antzerkia frontoian.
22:00 Zine-foruma gaztetxean: "Nire argazkia".
Martxoak 22, ostirala
16:30-17:00 Haize erroten banaketa Zubietako frontoian. Norbaitek ezingo balu bertara joan, 671 605 760 telefono zenbakian eskura ditzake.
22:00 Pin pon txapelketa frontoian (izen ematea, 21:30etan).
Martxoak 23, larunbata: 18. Korrika Usurbilen
11:00 Buruhandiak Kaxkoan.
11:00 Txokotan palaz frontoian.
15:15-15:40 Haize erroten banaketa Aginagako frontoian.
15:44 Aginagatik sartuko da Korrika 18.
16:00-16:15 Haize erroten banaketa Dema plazan.
16:33 Korrika 18 Kaxkoan.
18:00-20:00 Erromeria frontoian.
21:00 Bertso afaria, Agerialdeko jangelan, Beñat Iguaran (Amasa), Adur Gorostidi (Larraitz) eta Imanol Lizarazu "Habana" (Igeldo) bertsolariekin. Txartelak salgai 16 eurotan, Txirristran, Aitzagan eta Etumeta AEK euskaltegian.
Martxoak 24, igandea: Baionara
9:15 Korrika 18ren amaiera festara joateko autobusa, Mikel Laboa plaza ondoko errotondatik abiatuta.
21:00 Itzulera.
Izen ematea: Bordatxon, Txiribogan eta Etumeta AEK euskaltegian, martxoaren 21a baino lehen.