197/2006 doktrina bertan behera utzi, eta hau aplikatu izanagatik, espetxean jarraitzen duen Ramon Uribe herritarra aske uztea eskatua du Udalak, azken hileotan onartu dituen bi mozioen bidez.
Azken testua, joan den otsailaren 26ko osoko bilkuran onartu zen gehiengo osoz. Uribe aske uztea eskatzen zuen mozioa berriz, abenduaren 5ean burutu zen premiazko eta ezohiko osoko saioan. Hona hemen, Usurbilgo Udalak onartuak dituen bi mozioak, bere osotasunean:
RAMON URIBE HERRITARRAREN EGOERAZ USURBILGO HERRI BATZARRAREN MOZIOA
Bere kondena bete ostean, abenduaren 3an aske geratu behar bazuen ere, Ramon Uribe Navarro kalezartarrak espetxean segitzen du. Estatu espainolak 197/2006 doktrina delakoa aplikatu dio eta, horrenbestez, bere kondena 2024ra arte luzatu dio.
Ramon 1994ko ekainaren 5ean atxilotu zuen Guardia Zibilak bere tabernan. Donostiako kuartelean zein Madrilgoan izan zen bitartean tortura eta tratu txarrak jasan zituen. Tratu txarrengatik jarritako salaketa artxibatu egin zuten. Geroztik zazpi espetxeetan eduki dute: Carabanchel, Ocaña, Valdemoro, Segovia, Palencia, Langraitz eta Topas. Azken espetxe horretatik, hain zuzen, aske atera behar zuen joan den astelehenean, hemezortzi urte eta erdi preso igaro ostean.
Zain zituen Salamancako karzelaren atarian familia eta lagunak. Baina azken unera arte ez zioten espetxe zigorra hamabi urtez luzatu ziotela jakinarazi. Jokamolde krudela izan da bai Ramonekiko bai bere senide eta lagunekiko ere. Azken asteak kezka eta egonezinean bizitzera behartuak izan dira, eta horrelakorik gerta zitekeela jakitun ziren arren, itxaropen izpi apurrak erabat zapuztuak geratu dira Gobernuak daraman politika mendekatzaileagatik.
Espainiako gobernuak euskal presoei aplikatzen dizkien espetxe-neurriak salbuespenezkoak eta Giza Eskubideen Hitzarmenaren kontrakoak direlakoan gaude. Zehazki 197/2006 doktrinari dagokionez, joan den uztailean Estrasburgoko Auzitegiak berak aipatu Hitzarmena urratzen zuela ebatzi zuen Ines del Rioren kasuan. Ez alferrik, beste 65 preso bezala (66 Ramonekin), giltzapean jarraitzen du.
Salbuespen neurri hauek sufrimendu handia eragiten dute zuzenean jasaten dituztenei, beren familiei eta baita gizarte osoari ere, bakearen eta giza eskubideen errespetuaren alde apustu garbia egin baitu. Sufrimendu horrekin bukatzeko neurri horiek desagertu egin behar dute. Horretarako, aski litzateke legeria arrunta aplikatzea.
Horregatik guztiagatik, erabaki hauek hartzeko eskatzen diogu Usurbilgo Udalari:
1-Espainiako Gobernuak presoen eta haien hurbilekoen giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe politika aplika dezala eskatzea.
2-Espainiako Gobernuari Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailean emandako epaia bete dezala eskatzea, eta, ondorioz, lehenbailehen 197/2006 indargabetua izan dadila eta gure herrikide Ramon Uribe libre utz dezatela, 2012ko abenduaren 3an bere zigorra bete baitzuen.
3-Usurbildarrei erabaki honen berri ematea eta bakearen eta giza eskubideen errespetuaren aldeko lanean inplikatu daitezen animatzea.
197/2006 DOKTRINA: ZIGOR GEHIGARRIAREN ANKERKERIA
2006an, Espainiako Auzitegi Gorenak, kode penal zaharrean epaituriko presoei zegozkien erredentzioak, kode hark ezartzen zuen bete beharreko gehienezko 30 urteei baino, ezarritako kondena gehienezko urte kopurua 30 urteetan ezartzen zuen eta erredentzioen bidez, bete beharreko urte kopurua jaisten zen. Erredentzioen aplikazioak bete beharreko kondena 15 urtetan ezartzen zuen automatikoki, eta horretaz gain, erredentzio gehiago eskuratu zitezkeen ikasketekin edo bestelako jarduerekin, bete beharreko kartzelaldi denbora jaitsiz.
1995ean eta 2003an kode penalean aldaketak eman ziren. Aldaketa horiek euskal presoen aurkako neurriak gogortzera bideraturik zeuden, preso diren pertsonei dagozkien eskubideak salbuespenez murriztuz. 95ean kondena betetzeko urte mugak 30,25 eta 20 urteetan ezarri, eta erredentzioak desagertu egin ziren. 2003an berriz, kondena betetzeko muga 40 urtera igo zen.
Kode penal berriak ezarritako neurriak ez direnez erretroaktiboak, hau da, ezin direnez aplikatu aurretiaz epaituriko pertsonen aurka, Auzitegi Gorenak 197/2006 doktrina erabili zuen ateratzear zeuden euskal presoei kondena luzatzeko.
Ordutik hona, 83 euskal preso politikori ezarri zaie doktrina. Horietako 12, garaian ezarritako kondenaz gain doktrinaren kondena luzapena bete ostean atera dira kalera. Gaur egun, 67 dira doktrina hau aplikaturik kartzelan aurkitzen diren presoak. Horietatik 54 kondenaren luzapena ari dira betetzen, eta beste 13ri doktrina aplikatu zaie ezarri zitzaien kondena bete aurretik. Beste 4 lagun kalean daude, baina doktrina ezarria dute.
ESPAINIAKO AUZITEGI KONSTITUZIONALAREN EBAZPENA 197/2006 DOKTRINARI BURUZ
2012an Auzitegi Konstituzional espainolak, 2006an indarrean jarritako doktrinaren kontrako helegiteak ebatzi ditu, doktrinaren aplikazioa babestuz. Bere ebazpenean ez du doktrinaren funtsari buruzko azalpenik ematen eta irizpidea aldatzeko aukera, tribunalei dagokiela argudiatzen du.
Auzitegi Konstituzionalak, 47 erabaki jakinarazi ditu (beste 20 kasu erabakitzeke). Horietatik 3 tramitera hartzea ukatuak izan dira, 22 tramitera onartuak, eta beste 3ren kasuan anparoa onartua izan da, hiru preso hauek kalera atera direlarik. Beste 19 kasu ukatuak izan dira.
ESTRASBURGOKO GIZA ESKUBIDEEN TRIBUNALAREN EBAZPENA
Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak ordea, Ines Del Rio euskal presoaren kasuan oinarriturik, 197/2006 doktrina ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi zuen 2012ko uztailean. Ebazpena, AHO BATEKOA izan zen.
Tribunal honen ebazpenak, doktrinak, askatasunerako eta segurtasunerako oinarrizko eskubideak urratzen dituela dio, eta ez dela legezkoa aurrez ezarritako zigorra luzatzea. Ines del Rio presoa berehala aske uztea eta 30.000 eurorekin kalte moralak berrezartzea ebazten du era berean.
Ebazpenaren eragina ez da Inesen kasura mugatzen, doktrinaren funtsa aztertu ondoren eta berau jotzen baitu, ez legezko. Horrek doktrina bera, bertan behera uzteko bidea zabaltzen du; formalki Espainiar gobernuaren esku dagoen erabakia da hori.
Edonola ere, Ines del Rioren inguruko ebazpena LOTESLEA DA, Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren 46. artikuluak, ESTATUAK GORTEAREN EBAZPENAK ONARTZERA BEHARTZEN BAITITU.
Espainiako Estatuak helegitea tartekatu du. Helegite hau, Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalean berrikusiko da datorren martxoaren 20an. Tarte horretan Ines del Rio kartzelan mantentzera ere, espainiar estatuak egiten duen beste lege-hauste bat gehiago da.
Estatu batek Estrasburgoko Tribunalaren ebazpen bat ez onartzea eskandalu politiko eta juridiko izugarria da. Espainiar estatuak gai honen aurrean duen jarrerak agerian uzten du euskal presoen aurka salbuespeneko legedia eta bitartekoak aplikatzen direla. Presoek eta beraien senitartekoek dituzten eskubideak urratuaz eta nazioarteko Giza Eskubideen Arauen gainetik pasaz.
Honen aurrean, Usurbilgo Udalak honako erabaki hau hartzen du:
1-2012ko uztailean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak, aho batez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 197/2006 doktrina (Parot doktrina gisa ezagutu dena), ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi ondoren, berau bertan behera uzteko eskatzen du udal honek. Ondorioz eta nazioarteko giza eskubideen legeria aplikatuz, 197/2006 doktrina aplikatu zaien euskal preso guztiak berehalakoan aske uzteko eskatzen dugu.
2-Euskal Herrian bizi dugun itxaropen eta konponbide aukeraren aurrean, euskal presoen aurkako salbuespeneko legeria bertan behera uzteko eskatzen du udal honek.
3-Ebazpen honen berri, herritarrei eta Europako Kontseiluko Giza Eskubideetarako Komisionatua den Nils Muiznieks Jaunari ematea erabakitzen da.