Ines del Rio kasuagatik, Europako Giza Eskubideen Epaitegiaren aurka espainiar estatuak aurkeztua zuen helegitea aztertu dute gaur Estrasburgon. Helegitea, Estrasburgoko auzitegi honek uztailean kaleratu zuen epai baten harira aurkeztu dute. 197/2006 doktrinaren aurka agertu baitzen Europako Giza Eskubideen auzitegia.
Saio laburra izan omen da, hedabideak berri ematen ari direnez. Ines del Rioren defentsak, joan den uztaileko epaian erabilitako argumentu berak planteatu ditu. Estatu espainiarra ordezkatu duen abokatuak berriz, joan den uztaileko erabakia bertan behera uztea eskatu du.
Estrasburgoko epaitegira joan direnen artean, usurbildar bat zegoen: Amaiur koalizioko diputatu Xabier Mikel Errekondo. Euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea eskatu du.
Epaia kaleratzeko denbora pasa daiteke. Hedabide batzuen arabera, hilabeteak, baita urtea ere. Baina itxura guztien arabera, 197/2006 doktrinaren aplikazioari buruzko epai irmoa izango dela aurreikusten da. Parot izenez ezaguturiko doktrinaren eraginpean dugu usurbildar bat; Ramon Uribe.