Hurrengo NOAUA!, apirilaren 12an

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 21a, 00:00

Kalean da jada martxoaren 22ko NOAUA!. Heltzear den 18. Korrikari buruzko zehaztasun guztien berri jaso dugu astekari honetan. Bertan dituzue egunotarako antolatu diren ekimenen berri. Baita Teresanea eraikina okupatu berri dutenen lekukotza ere. Etxebizitza eskubideaz eta gazteriak egun bizi duen egoeraz mintzo dira. "Kaleratzeak Stop" plataformakoek gai honen inguruan, etxebizitza gaiaren inguruan hilabete hasieran Potxoenean eskaini zuten hitzaldiaren berri ere jaso dugu. Hori guztia, auzoetako kronikekin, edota datozen asteotarako antolatuak dauden hitzorduen agendarekin hornitu dugu. Pdf formatuan irakur dezakezue web orrialde honetan. Papereko edizioa, egunotan jasoko duzue.

Argitaratu berri dugun astekari hau martxoko azkena izango da. Datozen bi asteetan, hau da, hilaren 29an eta apirilaren 5ean ez da NOAUA!rik izango. Hurrengo zenbakia, apirilaren 12an eskuratu ahal izango duzue. 526. astekari horretarako ohar edo zorion agurrik baldin baduzue, erredakzioa@noaua.com helbidera bidal dezakezue, apirilaren 8a baino lehen. Edo NOAUA!ko egoitzara ekarri. Datozen bi asteotan irekita izango da, martxoaren 28tik apirilaren 1era izan ezik. Egunotan ez, baina gainerakoetan, datozen asteotan web orria ere eguneratzen joango gara.

2012ko NOAUA! guztiak koadernatzeko aukera
Gogoan izan bestalde, iazko astekari guztiak bildu eta koadernatu ditzakezuela. Tapa eta aurkibideak eskuragarri dituzue NOAUA!ko egoitzan. Bazkide zaretenok doan jaso ditzakezue. Bazkide ez direnek, 3 euro ordaindu behar dituzte tapa edo azalarengatik eta beste 1,20 euro, aurkibidearengatik. Koadernatzea Lizardi edo Laurok liburu dendatan egin daiteke. Koadernatzea berdin ordaindu behar dute bazkide direnek eta ez direnek.