Usurbil, Hernani, Oiartzun, Antzuola... Eta orain, Legorreta, Zaldibia eta Itsasondo. Hiru udalerriotan ere ostegun honetatik aurrera, hondakinak atez ate biltzen hastekoak dira. Sasietako Mankomunitateak arrakastatsutzat jo du, martxoaren 9tik atzora arte, doan, "hiru herrietan egin den material banaketa; bataz beste, familien %90ek kuboa eta gidak jaso ostean". Atez ateko bilketa abiatzeari esker, hondakinen gaikako bilketak 40 puntu gora egitea espero dute. Egun %39an dute birziklatze-tasa. Aipatu moduan, gaurtik aurrera, hondakinen %80 birziklatzera ailegatzea espero dute.
Hondakinak atez ate biltzen dituzten udalerrien zerrenda hazten ari da eta hala jarraituko du datozen hileotan. Iaz iragarri bezala, Gipuzkoako beste hainbat udalerrietara zabalduko baita. Zizurkil, Irura, Anoeta, Alegia edota Amasa-Villabonara adibidez, uda aurretik.
Haize erroten banaketa
Larunbatean Usurbila helduko den 18. Korrikara haize errotak eskuetan hartuta parte hartzera deitzen dituzte herritarrak, Usurbil Zero Zabor (UZZ) taldekoek. Haize errota koloretsurik ez duenak, egunotan Alkartasuna kooperatiban eskura dezake. Bestela adi hitzordu hauei, UZZ taldekoek, haize errotak banatzeko postua jarriko baitute egunotan, Zubietan, Aginagan eta Kaxkoan:
Martxoak 22, ostirala
16:30-17:00 Zubietako frontoian. Norbaitek ezingo balu bertara joan, 671 605 760 telefono zenbakian eskura ditzake.
Martxoak 23, larunbata
15:15-15:40 Aginagako frontoian.
16:00-16:15 Dema plazan.