Usurbilgo Herrirak batzar berezia deitu du gaur arratsaldeko 19:00etarako Potxoenean. Ines del Rioren kasuaren harira, Europako Giza Eskubideen Epaitegiak iazko uztailean 197/2006 doktrinaren aurka kaleratu zuen epaiaren aurrean, espainiar estatuak aurkezturiko helegitea aztertu zuten atzo Estrasburgon. Aipatu auzitegi honek hilabete batzuk barru, behin betikoa, irmotasun osoa izango duen epaia kaleratuko du, Parot izenez ezagutu den doktrina honen inguruan.
Bertan gertatutakoaz, eta "197/2006 doktrinaren inguruko azalpenak emateko" deitu dute ostegun honetako batzarra Potxoenean. Usurbileginez.com web orritik berri eman dutenez, "abokatu baten eskutik gai honen inguruko azalpenak emango dira eta bertan, galderak egiteko edo kezkak azaltzeko aukera egongo da. Era berean, Herrirak, Ramon Uribe usurbildarra "Parot" doktrina pairatzen ari den kontuan izanda, herrian antolatu daitezkeen ekimenak aztertuko ditu batzarrean, guztion artean erabakitzeko". Herritarrak, gaur arratsaldeko hitzordura bertaratzera deitzen dituzte.
Azken ostiraleko elkarretaratzea, bihar
Gogoan izan bestalde, euskal preso politikoen eskubideen alde hilero burutzen den elkarretaratzea astebete aurreratu dutela. Honenbestez, bihar burutuko da, 20:00etatik aurrera, Mikel Laboa plazan.