"Oporrak Bakean" egitasmoan izena emateko aukera

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 21a, 00:00

Uda honetan bi hilabetez, haur saharar bat etxean hartu nahi duenak, orain du izen emateko aukera. Abian da, "Oporrak Bakean" egitasmoa. "Oporrak Bakean programa duela 26 urte jarri zen martxan eta orduz geroztik urtero-urtero haurrak etortzen dira Saharatik Euskal Herrira. Iaz Usurbilgo Udalak bat egin zuen elkartasun ekimen honekin eta aurtengoan herritarrei programa honetan parte hartzeko aukera luzatu nahi izan die.

Programaren honen helburua 7 eta 12 urte bitarteko haurrak saharar errefuxiatu kanpamentuetan bizi duten egoera gatazkatsutik urrunduz, beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematea da eta bide batez, desertuan udako bi hilabete horietan (uztaila eta abuztua) pairatzen den tenperatura altuetatik babestea", berri eman dute Usurbilgo Udaletik.

Egitasmo honetan apuntatzeko azken eguna, apirilaren 8a izango da. Informazio gehiago eta izen ematea, Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako egoitzan, 943 377 110 telefono zenbakian edo gizartelangilea3@usurbil.net helbidean.