Azken ostiraleko elkarretaratzea, gaur 20:00etan

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 22a, 00:00

Euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, hilero azken ostiraletan burutu ohi dena, astebete aurreratu du Herrirak. Eta honenbestez, gaur iluntzeko 20:00etarako jarri dute hitzordua, beti bezala, Mikel Laboa plazan. Ostiral iluntze honetarako deitua dagoen elkarretaratzeak, 197/2006 doktrinaren aurka azken egunotan egin diren mobilizazioen astea borobilduko du. Gogoan izan, herenegun, Estrasburgon kokatua dagoen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, Ines del Rio presoaren kasuari lotuta iazko uztailean "Parot" izenez ezaguna den doktrinaren aurka kaleratutako epaiaren aurrean, estatu espainiarrak aurkezturiko helegitea aztertu zutela. Hilabete batzuk barru, Estrasburgok irmoa, alegatu ezingo den epaia kaleratuko du. 197/2006 doktrinaren ondorioak jasaten ari dira hainbat euskal preso politiko; usurbildar bat tartean, Ramon Uribe kalezartarra. Espetxe zigor osoa beteta kalean behar zuen, baina Topaseko kartzelan (Salamanca) jarraitzen du egun.

Herrira Eguna, apirilaren 13an
Bestalde, Herrira egun osoko jaialdia prestatzen ari da, apirilaren 13rako, larunbata. Pilota partida, manifestazioa, bertso saioa, herri-afaria edota kontzertuak izango dira datorren hileko bigarren asteburuan.