Igandean Baionara joateko autobusa irtengo da Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 22a, 00:00

Osatu da igandean Baionara, Korrikaren amaiera jaialdira joateko autobusa. Antolatzaileek, Korrika Batzordeak berri eman duenez, 25 lagunek eman dute izena Usurbildik Lapurdiko hiriburura joateko garraio zerbitzuan. Apuntatzeko epea atzo itxi zuten. Autobusa, Hernani eta Urnietako herritarrekin batera osatu da.   Izena eman duten usurbildarrek, igande goizeko 9:15etan, Mikel Laboa plaza ondoko errotondan (Bordatxo parean) egon beharko dute. 

18. Korrika igande eguerdiko 12:30ak aldera iritsiko da helmugara, Baionako herriko etxera. Bertan ospatuko da euskararen aldeko lasterketa borobilduko duen azken ekitaldia. Ondoren, egun osoz luzatuko den jaialdia antolatu dute. Milaka euskaltzale espero dira Lapurdiko hiriburuan.

Hiru jai gune nagusi prestatu dituzte bertan. Merkatuan, "Baionan kantuz", Maialen Errotabehereren emanaldia, "Begiz begi" ekitaldia edota Patxi ta konpainia izango dira. San Andres izeneko gunean, kontzertuak: Esne Beltza, Willis Drummond, Itziarren Semeak... Eta azkenik, Xhao kaian, herri bazkaria, "Lekukoaren Bila" ginkanaren finala edota "Korrikantuz" ekimenak antolatu dituzte. Horrez gain, kale animaziorik ez da faltako Baionan. Hau guztia, 13:30etatik aurrera. Lehenago ordea, Korrika amaierako ekitaldia ospatuko da, 12:30etan Baionako Herriko Etxean. 

Bertara joan asmo duzuenontzat, ondoko irudian klikatuta duzue, Korrikaren amaiera jaialdiko egitaraua eta jai guneen berri.