Korrikaren aldeko ekitaldiz josia dator asteburua

Noaua Aldizkaria 2013ko martxoaren 22a

Egun osoko egitaraua antolatu du Korrika Batzordeak, bihar Usurbila helduko den Korrika dela eta. Girotzen hasteko, Udarregi Ikastolakoen eskutik atzo ospatu zen Korrika Txikia. Gaur gaueko 22:00etatik aurrera pin pon txapelketa antolatu dute frontoian. Parte hartu asmo duzuenok, izen emateko pilotalekura gerturatu beharko duzue ordu erdi lehenago, 21:30etan. 

Aipatu moduan, bihar goizetik hasita, egun osoz Korrikaren aldeko ekitaldiak izango ditugu. Hasteko, adi etxeko txikienak. Nekatu arteraino lasterka aritzeko aukera izango duzue eta. 11:00etatik aurrera buruhandiak irtengo dira Kaxkora. Ordu berean ekingo zaio, "Txokotan palaz" ekimenari ere frontoian. Antolatzaileek pala txapelketa honetan parte hartzera animatu nahi dituzte adin guztietako herritarrak; haur, gazte nahiz helduak. Etxetik norberak bere pala eramatea eskatzen da. Hortik aurrera, momentuan bertan izena ematen dutenekin taldeak sortu eta palan ibiltzeko aukera izango da bihar. 

Bertso-afarirako txartelak salgai
Goiz bazkaldu beharko da bihar, Korrika iristerako garaiz prest egoteko. Gogoan izan, 15:44 aldera sartuko da Aginagatik. Kaxkoan 16:30ak alderako espero da euskararen aldeko lasterketa. Baina ohi bezala, zertxobait aurreratu edo atzeratu daiteke.

Arratsalde eta iluntze parterako beste bi ekitaldi antolatu ditu Korrika Batzordeak. Hasteko, erromeria 18:00etatik aurrera frontoian. Eta bertso-afaria gaueko 21:00etatik aurrera Agerialdeko jangelan. Hiru bertsolari gazteek girotuko dute otordua: Beñat Iguaranek (Amasa), Adur Gorostidik (Larraitz) eta Imanol Lizarazu "Habana"-k (Igeldo). Ekitaldirako txartelak salgai daude 16 euroren truke, Txirristran, Aitzagan eta Etumeta AEK euskaltegian. 

Antolatzaileek herritarrak ekitaldiotan parte hartzera animatzen dituzte. Gaurko eta biharko ekitaldien berri, segidan:

Martxoak 22, ostirala
22:00 Pin pon txapelketa frontoian (izen ematea, 21:30etan).

Martxoak 23, larunbata: 18. Korrika Usurbilen
11:00 Buruhandiak Kaxkoan.
11:00 Txokotan palaz frontoian.
15:44 Aginagatik sartuko da Korrika 18.
16:33 Korrika 18 Kaxkoan.
18:00-20:00 Erromeria frontoian.
21:00 Bertso afaria, Agerialdeko jangelan, Beñat Iguaran (Amasa), Adur Gorostidi (Larraitz) eta Imanol Lizarazu "Habana" (Igeldo) bertsolariekin. Txartelak salgai 16 eurotan, Txirristran, Aitzagan eta Etumeta AEK euskaltegian.

Antolatzailea: Korrika Batzordea.