Korrika 18 badator

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 22a, 00:00

Egun bat, ordu batzuk baino ez dira falta, arropa egokia jantzi, kalera irten eta euskararen aldeko lasterketan parte hartzeko. 18. Korrika Usurbila bidean dator jada. Bederatzigarren eguna du gaur, eta Bizkaiatik barrena ibiliko da. Gipuzkoara bihar goizeko 9:00ak aldera sartuko da 18. Korrika, Mutrikutik. Deba eta Zestoa zeharkatuko ditu gero. 12:32tan Zumaian izango da, 13:31n Getarian, 14:06an Zarautzen eta 15:01 aldera Orion. N-634 errepidetik oriotarrek lekukoa pasako diete gero aginagarrei, 15:44 aldera.

Lekukoa eskuz esku, herri eragileen artean
Lekukoa hartzen lehenak, Aginagako Jai Batzordekoak izango dira, Aginaga idatzia dagoen karteletik Mapilerako bidea egingo dute. Segidan Berriolako langileek (Aginagako bus geltokian) eta Irisasi Gazte Egoitzakoek (Lasaon) eramango dute. Kaparoz parean Elhuyarrek hartuko du lekukoa, San Inazioko errotondoraino. Hor EH Bilduk hartuko du lekukoa ia Artzabal pareraino. EH Bildukoek Usurbilgo Udalari pasako diote lekukoa. Kalezarren, Haur Eskola pareraino eramango dute, eta hor, Etumeta AEK euskaltegiak eta Haur Eskolak berak hartuko du. 

Kalezar zeharkatu eta Kaxkora jaitsiko da berriz 18. Korrika, eta NOAUA! Kultur Elkarteak jasoko du lekukoa. Astekari honetan aurreratu moduan, Ana Urdangarin aldizkariko kronista eta kultur elkarteko bazkideak eramango du Korrikaren lekukoa, Ingemar lantegiraino. Hor Usurbilgo Herrirari pasako dio, mezu ezkutua daraman lekukoa. Eta Herrirak, Udarregi Ikastolari Santueneko zubian. Ikastolakoek Itaya Gazte Asanbladakoei Ameri parean, Andatza Mendizale Taldekoei Etxetxon. Gero Zubietako Herri Batzarrak eta Eskola Txikiak hartuko dute lekukoa. Araeta parean berriz, Lanbide Eskolakoek. Oria zeharkatzen duen Lasarteko zubian, lasartearren esku geratuko da, Korrikaren aldeko lekukoa.

Aginaga, Kaxkoa, Kalezar, Santuenea eta Zubietatik igaroko da Korrika 18. Euskararen aldeko lasterketak, 14 kilometro egingo ditu guztira inguruotan. Gero, hiribururako bidea hartuko du: 
17:09 Lasarte.
18:35 Hernani.
19:20 Astigarraga.
19:40 Donostia.