Jendetza ibili da Korrika

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 23a, 00:00

"Zenbat jende dabilen, konturatu al zarete?" zioen Korrikako speakerrak, artean mikroa itzalita zuela, furgonetako gainontzeko kideei zuzenduz. Hantxe izan da NOAUA!ko kazetari bat, bertatik argazkiak ateratzen; bertatik bideo irudiak hartzen. Mapiletik Zubietarako bidean, jende asko batu da euskarari arnas emateko gogoz eta korrika saio gogoangarria izan da, denbora luzez gogoratzeko modukoa. 

Elkarte, eragile, instituzio eta enpresa ezberdinek eraman dute lekukoa. Martxosoenak Elhuyarreko langileak izan dira. Hunkigarrienak akaso Kalezar zein Zubietako Eskola Txikikoen txandak izan dira. Bildukoek baino zinegotzi gutxiago dituzte Aralarrekoek baino sasoi hobean direla erakutsi dute gaur. Dena esan behar bada, malda gogorragoa tokatu zaie Bilduko udal gobernuko kideei, Kalezarreko igoera ez baita makala. 

Aldarrikapenak ere bere tokia izan du. Herrirakoek "Ramon Askatu!" pankartarekin ibili dira korrika Santuenera bidean. Lekukoa eraman dute halaber, Irisasi zentroko gazteek, NOAUA! Kultur Elkarteak, Andatza Mendi Elkarteak edota Zubietako Herri Batzarrak, besteak beste.

 

"Usurbil ez, Aginaga!!"

Korrika Mapildik iritsi da gure artera, arratsaldeko 15:54 zirenean. Hortxe ziren Aginagako Jai Batzordeko kideak, lekukoa hartzeko irrikitan. Korrikako furgonetako speakerrari okurritu zaio ba "Aupa Usurbil! Ongi etorri!" oihukatzea. Berehala hasi zaizkio kargu hartzen, "Usurbil ez, Aginaga!!".

Jesus bat bota du speakerrak mikrotik kanpo, "lasai, guri ere kargu hartzen digute" esan diogunean, irribarre egin du speakerrak.

 

Bideoak eta argazkiak ikusgai

Bideo bat ipini dugu ikusgai NOAUA TB atalean. Hauxe esteka: Korrika 18 Usurbilen. 

Eta Argazkitegian dituzue hainbat argazki. Hauxe esteka: Korrika 18 argazkitan. Ostegunean ospatu zen Korrika Txikia eta horko argazkiak ere ikusgai dituzue Argazkitegian. Hauxe esteka: Korrika Txikia 2013.