Atxegalde ondoan kokatua dagoen Teresanea eraikinak bizilagunak ditu hilabete hasieratik. Talde batek, hutsik zen eraikina okupatu du. NOAUA!rako honako elkarrizketa eskaini dute.
Zerk bultzatu zaituzte Teresaenea okupatzera?
Gutxi batzuen mesedetan ezarririk dagoen gizarte eredua salatu eta beste era batean bizitzen saiatzeko gogoak bultzatu gaitu Teresaenea okupatzera. Egungo errealitatean, argi dagoen moduan, etxebizitza ereduak, banketxeen azpijokoek eta ezarritako politikek gogor zapaltzen dute jendartea, eta herritar askori, zeresanik ez gazteoi, etxebizitza baten beharra asetzea ezinezkoa bihurtu zaigu.
Noiz okupatu zenuten?
Duela hiru aste.
Zer pauso eman dituzue, planteatzetik okupazioa gauzatu arte?
Gure artean aspaldidanik konpartitzen genuen etxebizitzaren arazoari buruzko kezka, eta protesta modu bat bezala etorri zen okupazioaren gaia, ez baikara besoak gurutzaturik geratzekoak gaur egungo egoera larriaren aurrean. Aldi berean, bakoitzaren egoera pertsonala bat etorri da momentu honetan, guztiok bilatzen baikenuen etxe aldaketa bat, beraz gogoz ekin diogu proiektu berri honi.
Teresaenea nola aurkitu duzue?
Baldintza onetan dago. Azken desalojoaren ondoren berrikuntzak egin zituzten eta ez diogu hemen bizitzeari inolako arriskurik ikusten.
Nolakoa da zuen eguneroko elkarbizitza?
Egunetik egunera geroz eta hobeto moldatzen gara. Aurretik ezagutzen ginen eta ez dugu arazorik izan elkarbizitza bide onetik hasteko. Lanak banatzen ditugu, baratza, etxeko lanak... Asko ikasten dugu batak bestearengandik eta oso aberasgarria iruditzen zaigu daramagun bizimodua.
“Gurekin hitz egin nahi duen orok ateak irekiak ditu" zenioten NOAUA!ko ika-mikan. Zer esan nahi zeniekete usurbildarrei?
Argi utzi nahi dugu ez gatozela inori gauzak nola egin behar diren esatera. Besterik gabe, gure bidea hartu dugu, nahiz eta ohiko bizimodua ez izan, jendeak ulertu eta errespetatzea nahiko genuke, laguntasunean bizi nahi dugu. Beraz, gonbidaturik zaudete infusio edo kafe bat hartzera.
Besterik erantsi nahi zenukete?
Jendeak gure pentsaera zertxobait gehiago uler dezan, beste gauza material batzuekin egin dezakegu konparaketa bat. Erabiltzen ez diren etxe hutsak erabiltzea, soberan ditugun arropak, jostailuak, liburuak... erabiliko dituen pertsona bati eman edo uztea bezain ondo ikusten dugu.
“Gazte batek independizatu nahi badu, non du etxebizitza eskubidea?”
Okupazioa aukeratu duzue, etxebizitza bat izateko. Zuek bide honi heldu diozuenerako, zuen ikuspegitik zertan ari dira huts egiten etxebizitza politikak?
Okupazioa aukeratu dugu etxe batean bizitzeko, ez etxe bat izateko. Bizi garen tokiak gurea izan behar duenaren ustea barneratu digute betidanik, baina espazio baten beharrak ez liguke gurea denik sentiarazi beharko. Etxebizitza guztientzat eskubide bat omen da baina egungo politikarekin gure iritziz negozioak egiteko tresna bat gehiago besterik ez da. Noski, gazte batek gurasoen etxean eman dezake bizitza baina independizatu nahi badu, non du etxebizitza eskubidea? Zeharo lotuko duen hipoteka batean? Neurriz kanpoko alokairuetan?
Zuen esku egongo balitz, nola gauzatuko zenukete gutako bakoitzak etxebizitza bat izateko duen eskubidea?
Lehenik eta behin, etxebizitza premia dutenentzat hutsik dauden etxebizitzak eskuragarri egon beharko liratekeela uste dugu, eta horretarako baldintzak, noski, jasangarriak izan beharko lirateke edonorentzat. Bestetik, inposaturiko politikak eta bizi ereduak aldatu behar dira errotik, bizitzeko beste moduak badirela kontura gaitezen.
Etxe hutsak berrerabiltzea litzateke alternatibetako bat zuentzat? Nola ikusten duzue etorkizuna?
Orokorrean baikorrak gara, krisi egoerak baditu bere alde onak ere, begiak irekitzearena adibidez. Jende asko ari da ohartzen gizarte hau ez zela zirudien bezain eroso eta egonkorra, badakigu gu baino askoz ere egoera okerragoan bizi den jendea dagoela, zer esanik ez munduko beste herrialde batzuetan. Arazoaz konturaturik, errazagoa dugu irtenbide bat ematea edo ematen saiatzea, bakoitzak ahal duen neurrian.
Teresanea behin betiko bizileku bezala ikusten duzue? Aldi baterako bakarrik?
Ez dugu noski Teresaenea behin betiko bizileku bezala ikusten, ez dakigu zer gertatuko den aurrerantzean. Momentu honetan hona sartzea erabaki dugu, gure bizitza hemen egitea, espazio huts honi erabilpen bat emanaz eta izan zuen mugimendua berreskuratuz.