Martxoari dagokion ohiko plenoa egin da gaur arratsaldean. Ohi bezala, ezer baino lehen, aurreko plenoko aktak izan dituzte hizpide. Otsailaren 26ko ohiko osoko bilkuraren aktak onartu dira, Luismari Ormaetxeak proposatu dituen zuzenketa batzuk ontzat eman ondoren. Aurreko ohiko plenoan, 197/2006 doktrinaren (Parot doktrina delakoaren) inguruan mozio bat aurkeztu zuten Bilduk eta Aralarrek. Pleno hartan berak egindako adierazpenak argitze aldera, Hamaikabateko zinegotziak hainbat zuzenketa proposatu ditu, idazkerari lotuak denak. Nahiz eta jatorrizko aktan Luismari Ormaetxeak esan zuena ondo jasoa zegoela adierazi, alkateak ontzat eman ditu zuzenketak.
Segidan plenoko aztergaiei heldu diete eta, lehenbizi, bi puntu hauek bozkatu dituzte:
Asier Fernandez Peña egun erdiz ari da udaltzain lanetan. Beste herri batean beste egun erdiz lan egiteko aukera duenez, bi lanpostuen bateragarritasuna aitortu dio udalbatza plenoak, ahobatez aitortu ere.
Miren Ripa Otegi ere antzeko zioan da. Psikologoen Elkargoan egiten du lan eta Lanbide Hastapeneko Zentroko lanpostuarekin uztartzeko aukera ontzat eman da gaurko plenoan. Hau ere, ahobatez erabaki da.
Iartza eremua
Hirigintzari dagokionez, Iartza eremua hizpide izan dute plenoan. Exekuzio unitateari dagokion xehetasun-azterketa hasieraz onartu ondoren, jendaurrean izan da eta epe horretan alegazio bat egon da. Besteak beste, eraikinaren kokapena ez zegoela jasoa argudiatzen zen alegazio horretan. 15 eguneko epea izango da kokapenaren inguruko planoa edota dokumentazioa aurkezteko. Hori betez gero, behin betiko onartuko da Iartzari dagokion xehetasun-azterketa.
Elutx eremuan etxebizitzak egiteko plana
Elutx eremuan plan berezi bat izapidetzeko eskaera egin zuen Yulabe S.L. enpresak. Iaz aurkeztu zuen planaren arabera, bi eraikinetan banatutako 24 edo 28 etxebizitza egitea proposatzen zuen. Proposamen honen harira bi txosten egin dira, bat urbanistikoa eta bestea juridikoa. Arkitektoaren txostenak dioenez, eraikigarritasun hazkunde bat dago sotoan eta teilatu azpian, eta plan berezi batek ezin dituela arau subsidiarioetan jasotako hirigintzako antolamendu irizpideak aldatu. Txosten juridikoan ere oinarriturik, Elutxerako plan berezia ez izapidetzea onartu du udalbatzak ahobatez.
Salmenta ibiltaria arautzeko udal ordenantza
Hasieraz onartu da eta ahobatez. Asteazkeneroko azoka ez ezik, gainontzeko salmenta mota ezberdinak ere arautu dira ordenantza berri honen bidez. Beti ere, Europako Batasunean indarrean den egungo araudiari jarraiki. Baimenak emateko araudia eta jardueraren beraren ikuskapena, kontrola zein zigor-araudia jasotzen dira udal ordenantza berrian. Ahobatez onartu da.
Ramon Uribe bisitatzeko eskaera, onartua
Udal ordezkaritza batek Ramon Uribe Navarro usurbildarra bisitatzeko asmoa du. Hori ahalbidetzeko, Espetxe Erakundeei eskutitza bidaltzeko baimen eskaera aurkeztu da gaurko plenoan. Hamaikabat eta PSE-EE alderdietako ordezkariek abstentzioaren alde egin dute. Bildu, Aralar eta EAJ-PNVk eskaera bideratzearen alde bozkatu dute.
Udarregi ikastolarentzat, hobari eskaera
Obrei aurre egiteko garaian, %50eko hobaria eskatu du Udarregi ikastolak. Hori da aurreikusten dena udal ordenantza fiskaletan (beti ere udal onura eskaintzen duten entitateen kasuan). Bildu eta Aralar alde agertu dira, aurkako bozka eman du Hamaikabatek eta PSE-EE zein EAJ-PNV alderdiek abstentziora jo dute.
Garbitaniaren kapital handitzea onartu da
Gaurko plenoko aztergaien artean ere hauxe zegoen: “Garbitania Zero Zabor S.M.ren kapital handitzea eta partizipazioen salmenta”. Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo Udalek osatzen dute Garbitania. Astigarragako Udalak, oraintsu, Garbitaniaren barruan sartzea eskatu du. Laster hasiko dira atez atekoarekin Astigarragan eta lanak Garbitaniakoek egingo dituztenez, bazkide berri gisa parte hartu nahi du Astigarragako Udalak. 66.000 kapital zabalkundea egingo du bazkide berri honek. Honen ondorioz, partizipazioetan ere aldaketak izango dira “baina inork ez du nagusitasun osoa izango”, ziurtatu du alkateak.
Garbitania barruko kapital zabalkundea onartu da Bildu eta Aralarren botoekin. Aurka agertu dira PSE-EE eta Hamaikabat eta EAJ-PNVk abstentziora jo du.
Teresaenea hizpide
Galderen tartean, Luismari Ormaetxeak Teresaeneari buruzko galdera bat egin du. Ia udal gobernuak ze asmo duen Teresaenea eraikinarekin jakin nahi zuen Hamaikabateko udal zinegotziak. “Okupatua izan da ilegalki eta egoera horren aurrean zer egiteko asmoa du Udalak, eta alkateak zehazki”, hori jakin nahi zuen Ormaetxeak.
Alkateak honela erantzun dio, “bilera bat egiteko asmoa dugu baina oraindik ez dugu bilera hitzartu. Bihar bertan egiten saiatuko gara, ahal bada, eta bestela Aste Santuaren ondoren. Beraiekin hitz egin, hori izango da lehendabiziko pausoa”.
Erantzun honen aurrean, Luismari Ormaetxeak galdera hau bota dio alkateari: “eta ze asmo defendatuko du Udalak?”. Mertxe Aizpurua alkateak hauxe erantzun dio: “beraiekin hitz egingo dugu eta horren ondoren ikusiko dugu zein planteamendu eraman”.
Afagiren mozioa, ahobatez onartua
Afagik aurkeztutako mozioa bertan behera geratu zen aurreko udalbatza plenoan. Mozioa onartzeak ez zuela inolako konpromisorik ekartzen argitu ondoren, “Alzheimerrarekiko hiri solidarioa” izeneko deklarazio instituzionala aintzakotzat hartu du Udalak, ahobatez.