Errausketaren aurkako mugimenduko eragile talde batek Foru Aldundiko ordezkariekin bilera zuten gaur, baina aurretik prentsaurrekoa eskaini dute aipatu erakundeak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitza atarian. Foru ordezkariei “ozen eta garbi” esatera zihoazena aurreratu diete agerraldira bertaratu diren hedabideei. Errauste planta egitasmoa ahalik eta lasterren eta behin betirako bertan behera uztea eskatu dute beste behin, “Zero Zabor filosofian oinarritutako kudeaketa garatzea” galdegitearekin batera.
Errauste planta bertan behera uzteko saiakera berri baten irudia utzi digu aipatu prentsaurrekoak, albiste honen ondoan duzuen argazkia. Ezaguna egingo zaizue, duela urte gutxi, Santixabeletan frontoian zintzilik izan eta errauste planta irudikatzen zuen maskota izan da, astearte honetako ekitaldiko protagonista. Kea zeriola jarri dute, eta agerraldi amaieran, eragile desberdinetako ordezkariak soka batekin errauste plantari tiraka aritu dira, egitasmo hau behingoz bertan behera uztea eskatzeko.
Hona hemen, prentsaurrekoan irakurri duten adierazpena, bere osotasunean:
10 urte darama gure herrialdeak hiri hondakinen errausketaren mehatxupean, eta beste horrenbeste dira proiektu hori bertan behera uzteko eskatzen daramatzagunak. Denbora asko helburua lortu nahian. Denboraren joanak baina, nekea eragin beharrean gure eskaera gauzatzeko arrazoiak indartu besterik ez ditu egin.
Horregatik, agiri hau sinatzen dugun eragileak, gaur hona etorri gara, Gipuzkoako Foru Aldundira, Gipuzkoako agintariei errausketaren inguruan ondorengo mezua ozen eta garbi ematera:
-Europako zuzentarauek material birziklagarria erraustea debekatuko dute.
-Oso azpiegitura garestia da.
-Hamarkadatan zabor kopuru handia sortzen segitzea behar du.
-Baliabideak suntsitu eta alferrik galtzen ditu.
-Hondakinak arrazionalki kudeatu behar dira.
-Berreskuratzen duena baino energia gehiago xahutzen du.
-Zabortegi toxikoak behar ditu.
-Ikerketek osasunean kalte larriak eragiten dituela diote.
-Osasuna eta ingurumena oinarrizko eskubideak dira.
-Inork bere herrian ez du nahi.
-Kudeaketaren ardatza herritarrok dugu, eta ez banketxe eta enpresa handiek.
Horiek guztiak arrazoi nahikoak eta soberan direlakoan, ondoren sinatzen dugun eragileok Gipuzkoan errauste planta eraikitzeko proiektua lehenbailehen eta behin betiko bertan behera utzi eta Zero Zabor filosofian oinarritutako kudeaketa garatzeko eskatzen diegu Foru Aldundiari, udalei, mankomunitateei eta hondakinen partzuergoari.
Eguzki
Ekologistak Martxan
Greenpeace
Gipuzkoa Zero Zabor
Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea