Barakaldon jokatuko dute usurbildarrek, eskubaloiko Euskadiko amaiera sektorea

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 2a, 00:00

Azkenean Barakaldo hautatu dute, apirilaren 12tik 14ra bertan jokatuko da eskubaloiko Euskadiko amaiera sektorea. Gogoan izan, fase honetarako sailkatuak daude usurbildarrak, kadete nesken taldea hain zuzen. Martxoaren 17an, Bera Bera taldekoei 17-15 irabazi ostean, Barakaldoko txapelketarako sailkatzea lortu zuten. Euskadiko amaiera sektorean, hiru aurkari izango ditu aurten 50 urte beteko dituen Usurbil Kirol Elkarteko taldeak. Hirurak bizkaitarrak: Zuazo (Barakaldo), Kukullaga (Etxebarri) eta Errotabarri (Ermua).

Gipuzkoako Selekzioaren entrenamenduak, Oiardon
Joan den igandean, martxoaren 31n Hondarribian jokatzekoa zen infantil mailako eskubaloi txapelketan herrialde desberdinetako selekzioak parte hartzera gonbidatuak zeuden. Tartean, Gipuzkoakoa. Selekzioko jokalarien artean ez zen usurbildarrik falta. Hondartza Kiroldegian parte hartzeko deituak izan baitziren, Josebe Blazquez eta Eneko Iribar. Usurbil Kirol Elkartetik berri eman dutenez, emaitza bikainak lortu dituzte. Infantil mutilen kasuan, "lehen partida Txingudiren kontra irabazi egin dute, eta finalera pasa dira. Finala Nafarroaren kontra zeukaten, eta hura ere irabazi eta txapeldun aldarrikatu dira". Infantil nesketan, "lehen partida Akitaniaren kontra irabazi eta finalera pasa dira. Finala hauek ere Nafarroaren kontra, baina ezin izan dute irabazi eta txapeldunorde geratu dira". 

Datorren asteburuari begira ere, Gipuzkoako Selekzioarekin entrenatzeko gonbita jaso dute Usurbil Kirol Elkarteko jokalariok. Herrialde mailako taldearekin, ia denek etxean entrenatu ahal izango dute gainera, Oiardo Kiroldegian hain zuzen:

Apirilak 6-7
-Jubenil mutilak: Andoni Zubeldia. Oiardo Kiroldegian, 9:15-11:15 artean.
-Kadete mutilak: Xabat Beloki, Mikel Atxega. Tolosako Usabal Kiroldegian, 10:00-12:00 artean
-Kadete neskak: Amaia Arruti, Estitxu Berasategi eta Ane Irazabal. Oiardo Kiroldegian, 11:30-13:00 artean.