Barazki tortilla eta krema, pistoa edota kalabazin pintxoak, igandeko Tipi-Tapan

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 2a, 00:00

Tipi-Taparen bosgarren edizioa ate joka dugu. Bost egun baino ez dira falta, Bordatxo, Aitzaga, Txiriboga, Txapeldun eta Artzabalgo langileek prestaturiko pintxo bereziak dastatzeko. Dakizuenez, produkturen baten inguruan prestatzen dituzte, hilero lehen igandeetan proba daitezkeen mokaduok. Oraingoan etxeko barazkiekin asebeteko gara. Hurbilago Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkarteak iganderako, apirilaren 7rako antolatu duen hitzorduan, honako pintxo berezien menua prestatu dute, aipatu bost tabernetan; "barazki krema, zainzuriak hirugiharrarekin, pistoa, kalabazinarekin egindako pintxoak edota barazkiekin egindako tortilla", prentsa ohar bidez iragarri dutenez. 

Pintxo bakoitza 1,5 euroren truke probatu ahal izango da. 2 eurotan mokadua eta edaria: urteko ardo zuri, gorri edo beltza, txakolina, sagardoa, zuritoa, muztioa edo ura. Igande goizetik 15:00ak aldera arte egongo da mokaduak dastatzeko aukera. Eta gainera, bost egun barru, bi hileroko zozketa egingo da, Hurbilagoko kide diren establezimenduetan 300 euro xahutzeko erosketa balearen zozketa alegia. Hilaren 7an, 14:30etan Bordatxon emango dira ezagutzera, irabazlearen izen abizenak.

Zozketan parte hartzeko egin beharrekoa, erraza da. "Tipi-Tapa Txartela" eskuratu Artzabalen, Txapeldunen, Bordatxon, Aitzagan edo Txiribogan. Taberna bakoitzeko pintxoak dastatzen joan ahala, zigiluak eskuratzen joan. Eta bost edaritegietako zigiluak eskuratzean, txartela lekuotako kaxetako batean utzi. Hartara, 300 euroko erosketa-balearen zozketako onuradun izan zaitezke.