Hondakinak atez ate biltzen dituzten udalerrien zerrendara batu da gaur Astigarraga. Sistema honen aplikazio eremua handitzen ari da beraz. Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon bi aste daramatzate bilketa sistema honekin. Gehixeago, Oiartzunen, Hernanin, eta alor honetan aitzindari dugun Usurbilen. Hemen, edukiontziak agurtu eta hondakinak atez ate biltzen hasi zirenetik lau urte bete ziren martxoaren 16an. Egun horren bueltan, Usurbilgo Udalak atez atekoak eragin duen gaikako bilketaren gorakada eta emaitza ekonomikoak zenbakitan jasotzen zituen eskuorriak banatu zituen etxeetan.
Zifra hauek eskutan, eta urtemugaren bueltan prentsaurrekoa eskaini zuen Usurbilgo Udalak Potxoenean. Gaikako bilketa %90era igotzea eragin duen sistemaren inguruan, argi zioen Mertxe Aizpurua alkateak, "errentagarria, ona dela eta merezi duela". Herritarrak zoriondu zituen, eta adierazi zuenez, "bide onean goaz". Ingurumen alorreko udal teknikari Ibon Goikoetxeak zioenez, "ikasten eta hobetzen goaz". Eta Jose Maria Rivadeneyra ingurumen zinegotziak alderdikeriak baztertzea eskatu zien eragile politikoei. Garai edo lurralde desberdinetan, zenbait alderdi politikoren baitan izan diren jarrera aldaketen berri eman zuen Rivadeneyrak. Tartean, kartel bat erakutsi zuen. Nafarroan, errausketaren aurka deitu zen manifestazio baten kartela. Bertan, deitzaileen artean, EAJ-PNV agertzen da. Hondakinen kudeaketaren alorrean elkarlanerako prest agertu ziren, beti ere, herritarren interesak lehenesten diren artean.
%90eraino igo da gaikako bilketa Usurbilen
Atez ateko bilketak 4 urte bete dituen honetan, hondakinen kudeaketari loturiko hainbat datu argitara eman ditu Usurbilgo Udalak, etxeetan banatu dituen eskuorri baten bidez. 2009ko martxoaren 16an udalerri honetan abiaturiko bilketa sistemak eragin duen aldaketa argia da zenbakitan. Hirukoiztu egin da, gaika biltzen den ehunekoa. Eta honenbestez, proportzio berean jaitsi da birziklatzen ez den zatia. Bilketa emaitzak denbora gutxian irauli ziren, 2009an bertan, %82raino igo baitzen Usurbilgo birziklatze ehunekoa. Apalago noski, baina ordutik hona ere gorantz jarraitu du aipatu portzentaiak. Hona hemen zenbakitan, Usurbilgo Udalak kaleratu berri dituen 2008tik 2012ra arteko bilketa datuen bilakaera:
2008: %28 (hondakinak nahastuta jasotzen ziren)
2009: %82 (martxoaren 16tik aurrerako datuak)
2010: %88.
2011: %89.
2012: %90.
"Hiru aldiz errefusa gutxiago sortzen da orain"
Atez ateko bilketa martxan jarri izanak ekarri dituen aldaketen artean daude beste datuok ere:
-2008an herritar bakoitzak 300 kilotik gora errefusa sortzen zituen.
-2009tik 2012ra, 6.157 tona errefusa gutxiago bota ditugu.
-2012an 92 kilo. Hiru aldiz errefusa gutxiago sortzen da orain.
-11.235,66 Tn CO2b aurreztu dira hondakin horiek zabortegira ez botatzearekin.
Hau zenbat den?:
-2.808.450.000 plastikozko poltsa (4 gr/poltsako)
-Usurbilgo 521 familiek sortutako emisioak.
-Usurbilen 2007an igorritako negutegi efektuko gas guztien %26a.
-Urteko negutegi efektuko gasak %6 murriztea lortzen dugu modu honetan.
Defizita eta tasak beherantz, atez ateko bilketarekin
Atez ateko bilketak lau urte bete berri dituen honetan (2009ko martxoaren 16an jarri zen martxan), sistema honi loturiko balorazio ekonomiko baikorra egin berri du Udalak. Plazaratu dituen datuen arabera, “atez ateko sistemari esker, hondakinen bilketaren defizita ikaragarri murriztu dugu”. Hona hemen, defizitaren bilakaera, 2008-2012 urte artean. Urtez urte, defizitak kostuaren ehuneko zenbat suposatzen duen adierazten dute ondorengo ehunekook:
2008: %59,86.
2009: %49,01.
2010: %43,25.
2011: %32,01.
2012: %20,81.
“Gipuzkoako hondakin tasa txikienetakoa dugu”
Zenbaki gehiago. Udalak berri eman duenez, iaz, “atez ateko sistemari esker 149.535 euro aurreztu ditugu Usurbilen”. Hondakinen tasetan guztira, 17.852 euro gutxiago ordaindu dituzte herritarrek, “Gipuzkoako hondakin tasa txikienetakoa dugu”. Konposta egiten dutenek aurten, 49 euro ordainduko dituztela aurreratu dute. Bestelako bilketa sistema bat indarrean duten udalerriekiko alderaketa ere egin du Udalak, tasetan dagoen aldea neurtzeko. Zarautz eta Donostiarekin hain zuzen:
Zarautzen, bost edukiontzien sistemarekin: 113,40 euro.
Donostian, 4 edukiontzien sistemarekin: 123 euro (2012an).
Bestalde, egoera hipotetiko bat ere planteatzen du Udalak. 2009ra arte Usurbilen funtzionamenduan genuen bilketa sistemak indarrean jarraitu izan balu, 2012an zer nolako diru sarrera eta gastuak eragingo zituen neurtu du Udalak. Eta egun dugun atez atekoaren diru sarrera eta gastuekin alderatu du. Emaitzak argiak dira:
GASTUAK
Atez ate: 655.288 euro.
Lehengo 4 edukiontziak: 525.707 euro.
SARRERAK
Atez ate: 518.853 euro.
Lehengo 4 edukiontziak: 239.737 euro.
BALANTZEA GUZTIRA
Atez ate: -136.435.
Lehengo 4 edukiontziak: -285.970 euro.
Datuok zehaztasun gehiagorekin, atez ateko bilketaren txosten ekonomikoan jasoak daude. Txostena eskuragarri duzue, usurbil.net atarian.