2015eko Kilometroak, Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 3a, 00:00

Korrika Usurbildik igaro zen asteburuan bolo-bolo zebilen albistea kalean, hainbat herritarren ahotan. Lehenagotik ere eskatu izan arren, eta zenbait ezezkoren ostean, azkenean 2015ean bai, Usurbilen ospatuko da Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia, urriko lehen igandean egin ohi den Kilometroak ekimena. 

Oraindik ordea, Udarregi Ikastola laguntzeko baliatuko den jaialdirako bi urte eta erdi geratzen dira. 2013ko Kilometroak Tolosan ospatuko dira eta datorren urtekoak, 2014koak berriz, Usurbildik gertu, Orion.

Web orrialde honetan bertan, 2012ko urtarrilean berri eman genuenez, 2014an Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia Usurbilen ospatzea eskatua zuen Udarregi Ikastolak, Ikastolen Elkartean. Baiezkoa jaso izan balute, aldez aurretik ekimen desberdinak antolatzeko asmotan zirela berri eman zuten Udarregitik. Aipatu moduan ordea, azkenean urtebete beranduago izango da hitzordua. Edozein kasutan, eguna ailegatu baino dezente lehenagotik Kilometroak hizpide izango da Usurbilen aurrerantzean.

Laskorain ikastolaren alde aurten
Tolosan eta “Ahora!” lemapean ospatuko da 2013ko Kilometroak. Aldarri hau aukeratu izanaren zergatia, web orrialde bidez azaldu dute antolatzaileek. "AHORA! mezua argia da: Euskara ahora erakarri behar da. Erabilera behar du euskarak. AHORA!  Polisemikoa da: Euskara... bihotzetik, ametsetatik, burutik, barru-barrutik, txokoetatik, apaletatik, ikasgelatik, museoetatik, gramatikatik, liburuetatik, teoriatik... AHORA ekarri behar dugu. AHORA! erabilera da, baina erabilera ez da ahoa bakarrik. Gure ahOak bunbuilo bat dauka: Gure ahoa KOMUNIKAZIOA da. Euskara Ahora, Eztarrira, Belarrira, Lagunartera, Sare Sozialetara, Kalera, ... Leloa logoa bihurtu dugu. Bertan txertatu. Lelogoa sortu. Leloak ustekabean, AHO BETE HORTZ, utz dezake hartzailea istant batez. Indartsua da. Zirikatzailea", adierazi dute kilometroak.net atarian. Web orrialde honetan bertan, salgai duten materialaren edota antolatzen ari diren ekimenen berri ematen ari dira.

Aurtengo edizioak, Tolosako Laskorain ikastola laguntzea izango du xede. Horretarako, besteak beste, bi kontu korronte zenbaki ireki dituzte, diruz lagundu nahi dutenek euren ekarpena egin dezaten:
KUTXABANK: 2095 5081 90 1064292492
EUSKADIKO KUTXA: 3035 0235 22 2350035198

Aipatu moduan, Tolosak Oriori pasako dio lekukoa datorren urtean. 2015ean, Usurbilen txanda.