Usurbil Kirol Elkarteak taldeko argazkia aterako du larunbatean

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 3a, 00:00

Hiru egun barrurako hitzordu berezia finkatu du 50 urte betetzear den Usurbil Kirol Elkarteak. Herriko eskubaloi taldeen bilguneak, kide dituen lagun guztiei larunbatean, apirilaren 6an, 13:30etan Oiardo Kiroldegira gerturatzeko gonbita luzatzen die. Taldeko argazkia atera nahi dute, erabilera anitzeko pistan, hau da, eskubaloi neurketak jokatzen diren gunean. Usurbil Kirol Elkartetik gogorarazten dutenez, deialdia "Kirol Elkarte honetako infantil, kadete, jubenil eta senior mailako jokalari, entrenatzaile eta delegatu guztiei" zuzendua dago. Hitzordurako ohar garrantzitsu bat: "Jokalari guztiek klubeko sudadera ekarri beharko duzue. Entrenatzaileek, entrenatzaileen polo beltza", adierazi dute eskubaloi elkartetik. Albiste hau zabaltzeko eskatu dute antolatzaileek, "inor ez dadin falta erretratu honetan".

Larunbat arratsalderako bestalde, bi eskubaloi neurketa jokatuko dira Oiardo Kiroldegian. Senior mailako bi partida hauek:

17:00 Senior neskak: Atez Ate Usurbil-Eharialdea
18:30 Senior mutilak, 2. nazionala: Atez Ate Usurbil-Gure Auzune

Tokia: Oiardo Kiroldegia.