Uda honetan haur saharar bat etxean hartu nahi duzuenok, orain da izen emateko garaia. Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik jakinarazi dutenez, irekita dago "Oporrak Bakean" izeneko egitasmoan apuntatzeko epea. Apirilaren 8ra arte eman ahal izango da izena. "Programa honen helburua 7 eta 12 urte bitarteko haurrak saharar errefuxiatu kanpamentuetan bizi duten egoera gatazkatsutik urrunduz, beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematea da eta bide batez, desertuan udako bi hilabete horietan (uztaila eta abuztua) pairatzen den tenperatura altuetatik babestea", adierazi dute Gizarte Zerbitzuetatik.
Gaineratzen dutenez, "Oporrak Bakean programa duela 26 urte jarri zen martxan eta orduz geroztik urtero-urtero haurrak etortzen dira Saharatik Euskal Herrira. Iaz Usurbilgo Udalak bat egin zuen elkartasun ekimen honekin eta aurtengoan herritarrei programa honetan parte hartzeko aukera luzatu nahi izan die".
Informazio gehiago, Gizarte Zerbitzuetako egoitzan, 943 377 110 telefono zenbakian edo gizartelangilea3@usurbil.net atarian.
"Sahara, isiltasunaren ahotsa" antzezlana
Gizarte Zerbitzuetako deialdi honekin batera, Saharako errealitatearen berri ematen duen antzezlan baten emanaldia antolatu dute igande honetarako, apirilaren 7rako, 19:00etan Usurbilgo Gaztetxean. "Udaro datoz haur sahararrak Euskal Herrira eta askotan hori da, guk herri horrekiko dugun erreferentzia bakarrenetakoa, baina, haratago joan nahi izan dugu: zergatik bizi dira sahararrak Aljeriako errefuxiatu kanpamenduetan? Nola bizi dira? Zer amesten dute? Horren guztiaren berri izateko, liburuetara jo dugu, dokumentalak ikusi ditugu, abestiak entzun... baina zuzeneko harremana ere izan dugu. Gurutze Irizarrekin (Fatimetu) lehenik, eta gure herrian bizi den Ailemekin ondoren; eta emakume saharar honekin batera igo gara oholtzara; haren herriaren ahotsa, nazioartean ukatua bada ere, ahots hori ozenago entzun dadin, ondar aletxo bat eskaintzera gatoz zuen artera. Haren sufrimendua, haren alaitasuna eta haren itxaropena sentitu eta partekatzera", dio antzezlanaren sinopsiak.
Joxerra Fachadok zuzendu eta Lasarte-Oriako Kukuka taldearen emanaldirako sarrerak 3 eurotan egongo dira salgai.