Elkarretaratzea gaur, Figueroa eta Lopez Peña presoen heriotzak salatzeko

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 5a, 00:00

"Angel Figueroa eta bereziki, Xabier Lopez Peña euskal presoen heriotzak direla eta", Usurbilgo Herrirak elkarretaratzea deitu du gaur iluntzeko 20:00etarako, udaletxe aurreko enparantzan, Joxe Martin Sagardia plazan eta "Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten!" lemapean. Bestalde, bihar Bilbon antolatu duten herri mobilizazio isilera joateko Usurbildik autobusa irtengo da. Izen emateko orriak ohiko lekuetan daude. Autobusa, larunbat arratsaldeko 15:30etan abiatuko da Bordatxo ondoko errotondatik. 

Manifestazioa, arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Bilboko Casillatik, "Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea” lemapean. Azkenik, Usurbilgo Herriratik hirugarren deialdi bat ere egin dute. Etxeko balkoi edo leihoetan ikurriñak xingola beltzarekin jartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.

Herriratik berri eman dutenez, "Euskal jendarteak soluzioak exijitzen ditu, giza eskubide guztien errespetua, espetxe politikaren erabateko aldaketa eta elkarlanaren bitartez konponbidea eta bakea eraikitzea. Bide horretan, espetxe politika ondorio tragikodun traba erraldoia da. Horiek horrela, Baiona eta Bilboko mobilizazio erraldoiek erakutsi bezala, Herrirak ezinbestekotzat jotzen du konpromisoak aktibatzen jarraitzea eta milaka herritarren bihotza kolpatzen dituen eskubide urraketa honi erantzun sozial zabala eskaintzea. Euskal jendartearen gehiengoaren mandatua eskutan hartuta, Herrirak atsedenik gabe lan egingo du Angel Figueroa eta Xabier Lopez Peñaren kasuak berriro ere errepikatu ez daitezen eta indarrean dagoen espetxe politika krudelarekin amaitzeko".
 
Aipatu moduan, hona hemen egunotarako deitu dituzten mobilizazioak:

Apirilak 5, ostirala
20:00 Elkarretaratzea udaletxe aurrean, Joxe Martin Sagardia plazan, "Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten!" lemapean.

Apirilak 6, larunbata
15:30 Autobusa Bordatxoko errotondatik Bilbon deitu den mobilizaziora joateko. 
17:30 Herri mobilizazio isila Bilboko Casillatik abiatuta, "Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea” lemapean.

-Balkoi eta leihoetan ikurriñak xingola beltzarekin jartzeko deialdia.