Barazki krema, zainzuriak hirugiharrarekin, pistoa, kalabazinarekin egindako pintxoak edota barazkiekin egindako tortilla dastatu ahal izango da igande honetan, apirilaren 7an ospatuko den V. Tipi-Tapan. Hurbilago Elkarteak antolaturiko ibilbide gastronomiko honetan parte hartzen dute Txapeldun, Artzabal, Bordatxo, Aitzaga eta Txiriboga tabernek.
Igande goizetik arratsaldeko 15:00ak bitarte, "Tipi-Tapa Txartela" eskutan, bost edaritegiok prestaturiko mokaduak probatzeko aukera egongo da 1,5 euroren truke. Edo 2 eurotan, edari eta guzti: urteko ardo zuri, gorri edo beltza, txakolina, sagardoa, zuritoa, muztioa edo ura.
Gainera, bi hilean behin egin ohi den moduan, etzi Hurbilago elkarteko establezimenduetan xahutu ahal izango den 300 euroko erosketa-balea zozketatuko dute, oraingoan, 14:30etan Bordatxon. Zozketan parte hartzeko egin beharrekoa, erraza da. "Tipi-Tapa Txartela" eskuratu Artzabalen, Txapeldunen, Bordatxon, Aitzagan edo Txiribogan. Taberna bakoitzeko pintxoak dastatzen joan ahala, zigiluak eskuratzen joan. Eta bost edaritegietako zigiluak eskuratzean, txartela lekuotako kaxetako batean utzi. Hartara, 300 euroko erosketa-balearen zozketako onuradun izan zaitezke.