Michelin eta Peroteko langileen etorkizunaz hitz egiteko bilerak egunotan

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 5a, 00:00

Lan taldean usurbildarrak dituzten bi enpresen etorkizunaz hitz egingo da hurrengo astean. Hedabideek berri eman dutenez, Michelingo langileen batzordea eta zuzendaritza datorren asteazkenean, apirilaren 10ean bilduko da, Lasarte-Oriako plantan. Gehiengoa duten CCOO eta UGT sindikatuek hedabideetan adierazi dutenez, langile guztien etorkizuna berma dezakeen akordio baten atarian egon daitezke. Gogoan izan, zuzendaritzak estatu espainiar osoko plantetan behar baino 300 langile gehiago zituela ohartarazia zuela. Horietatik 30, Lasarte-Oriako lantegian. Zuzendaritzak langileen ordezkaritzari proposamen bat aurkeztua dio. Aipatu moduan, bi aldeak datorren asteazkenean bilduko dira, Lasarte-Oriako lantegian.

Bestalde, Zizurkilgo Huyck Wangner (Perot) plantako langileak ere zuzendaritzarekin biltzekoak dira, gaur zortzi, apirilaren 12an, 12:00etan Donostia. Gogoan izan, azken unean, 75 langileak kaleratu (bi usurbildar tartean) eta enpresa ixtea ahalbidetuko zuen espedientea bertan behera utzi zuela. Hedabideek berri eman dutenez, enpresak Zizurkilgo planta ixteko arrazoi objektiboak daudela dio, eta orain, 13 langileri Italia eta Austriako plantetan lan egiteko aukera eskaini nahi diete. Langileen Batzordetik, enpleguaren eta enpresaren bideragarritasunaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi dute. Orain arte, enpresak negoziatzeko borondaterik ez duela erakutsi salatzen dute. Langileak kaleratu eta lantegia ixteko Enplegu Espediente Erregulatzailearen aurkako mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dute. Ostegunean, Gipuzkoako Batzar Nagusietara joatekoak dira, erakundeen babesa jasotzeko. Bestalde, larunbatero elkarretaratzeak burutzen dituzte Tolosan eta, langileen batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bileretan ere mobilizatzen segiko dute. Langileak Zizurkilgo planta zaintzen jarraitzen dute, bertako materiala eraman ez dezaten.