Salbuespen neurriak etetea eskatu zen, Usurbilgo Herrirak deituta ostiralean frontoian burutu zen elkarretaratzean, "berriro gerta ez dadin". Angel Figueroa eta Xabier Lopez Peña euskal preso politikoen heriotzen harira antolatu zen eta, mobilizazio hau. Larunbatean berriz, Bilbon, milaka lagunek gauza bera, salbuespen neurriak etetea eskatu zuten, Bizkaiko hiriburuko kaleetan egin zen herri mobilizazio isilean. Espetxe politika aldatu, giza eskubide guztiak errespetatu eta "konponbidea eta bakeari aukera bat ematea Euskal Herrian", horixe eskatu zen Bizkaiko hiriburuan. Elkarlanean aritzeko pauso berriak emateko ere beharra aldarrikatu zen.
Mobilizaziook, bost egun barrurako Usurbilen antolatu duten Herrira Egunaren atarian burutu dira. Usurbilgo Herrirak, Itaya Gazte Asanbladak eta Usurbilgo Gaztetxeak egun osorako egitaraua prestatu dute larunbaterako. Apirilaren 13an, pilota partidak, manifestazioa, bertso saioa edota harpidetza afaria ospatuko dira, euskal preso politikoen eskubideen alde.
Gogoan izan, eguneko ekitaldi eskaintzaren artean, bi hitzordutarako sarrerak aldez aurretik erosi ahal izango dira. Batetik, bertso saioa antolatu dute Sutegin. Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia igoko dira kultur etxeko auditorioko oholtza gainera, larunbat arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak aurrez 6 euroren truke erosi ahal izango dira. Edo egunean bertan, 8 eurotan. Txartela beharko da baita, bertso saioaren ostean, Usurbilgo Gaztetxean egingo den harpidetza afarirako ere. 10 eurotan eskuratu ahal izango dituzte gazteek eta langabetuek. 18 eurotan gainerakoek. Hona hemen, apirilaren 13rako euskal preso politikoen eskubideen alde antolatu duten egitaraua:
11:00 Pilota txapelketa herrikoiaren hasiera.
16:00 Pilota txapelketaren jarraipena: final laurdenak, final erdiak eta finala.
18:00 Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko manifestaldia herrian zehar.
19:00 Bertso saioa Sutegin: Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes, Fredi Paia.
Sarrerak: aldez aurretik 6 euro Txiriboga eta Aitzagan. Egunean bertan: 8 euro.
21:00 Harpidetza afaria Usurbilgo Gaztetxean.
Txartelak salgai: Txiriboga, Aitzaga, Bordatxo eta Irrati tabernetan. Gazteek eta langabetuek: 10 euro. Gainerakoek: 18 euro.
00:00 Kontzertuak Usurbilgo Gaztetxean: Kraussk+Itzartu.
Antolatzaileak: Herrira, Itaya eta Usurbilgo Gaztetxea.