Mozio bat erregistratu du Auzolan Elkarteak

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 9a, 00:00

"Krisiaren aurrean zer egin?" izeneko jardunaldiak antolatu zituen Auzolan Elkarteak, joan den urtarrilaren 17 eta 18rako. Hitzorduon baitan, herritar eta eragileen proposamenak bildu nahi zituzten. Orain, mozio moduan erregistratu dute euren ekarpena, datorren osoko bilkuran eztabaidatua eta bozkatua izan dadin. Aurretik ezohiko deialdirik ez bada, hurrengo osoko ohiko bilkura apirilaren 30ean burutuko da, 18:00etatik aurrera Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan.

Auzolan Elkartetik egin duten planteamenduaren jatorrian, honako hipotesi edo kezka planteatzen dute: "ekonomiaren kolapso batera iristeko arriskua ikusten dugu, hipotesi gisa. Horrek, Usurbilen bizi garen pertsona guztiongan ondorioak izango lituzke". Egoera honen aurrean, "gerta litekeen hipotesi horri kolektiboki aurre egiteko prozesu bat irekitzea" eskatzen dute. "Egungo Krisi Orokorraren baitan, Usurbilgo herriarentzat Ikuspegi Estrategiko Bateratu bat eratzeko gogoeta kolektiboaren prozesua garatzea", Auzolan Elkartekoen txostenak jasotzen duenez.

Nola aurre egin?
Euren proposamena, zirriborroa dela ohartarazten dute, "Udalaren eta herriko talde-eragileen arteko eztabaidari bide eman nahi diona". Ildo horretatik, aipatu testuak zergatik eta zertarako galderei erantzuten diela berri ematen du Auzolan Elkarteak, "eta zer garatu daitekeen aurreikusten du". Aldiz, nola egin behar den, "hori eztabaidaren emaitza" izatea nahi dute.

Lehendik ere ezagutzera emanak dituzten hainbat lan ildo planteatzen dituzte, krisi egoera honi aurre egiteko:
1-Elikadura burujabetza: Usurbiltzen taldea eta Alkartasuna Kooperatiba jada lanean dabiltza, eta bide horretan doa Haur Eskola jantokiaren egitasmoa ere...
2-Energia burujabetza.
3-Tokiko merkataritza: Usurbilgo merkatarien elkartea horretan ari da lanean egun.
4-Tokiko txanpona-Trukea: Trukalariak taldekoen ekimenetik lantzen ari dira.
5-Hondakinak: Usurbil Zero Zabor taldearen eskutik, Atez Atekoa lantzen da.
6-Hezkuntza.
7-Kultura: Usurbilen diharduten kultur-eragileen dimentsioa garrantzitsua da.
8-Beste batzuk.