Oholtza gainean zozketarako baliatuko ziren ontziak jarrita eta udal ordezkaritza taldea bertan; eserlekuetan hainbat interesdun ekitaldia hasi zain... Atzo arratsaldeko 19:00etarako prest zegoen guztia Sutegiko auditorioan. Agerreazpiko 30 metro karratuko udal baratzak zozkekatu behar zituzten, 78 guztira. Beste sei lursail Udalaren esku geratuko dira, zozketatik kanpo, udal idazkari Nagore Sarasolak berri eman zuenez. Berarekin batera ziren besteak beste, Mertxe Aizpurua alkatea, Iñaki Ugarte nekazaritza alorreko zinegotzia edota Ibon Goikoetxea sail bereko udal teknikaria.
78 udal baratze zozketatzekoak ziren atzokoan. Zozketarako eskaera kopurua baxuagoa zen ordea, denera 63. Udalak zozketa honetan parte hartu ahal izateko behin betiko onarturiko eskatzaileen zerrenda 65 herritarren izen abizenek osatzen zuten. Baina bi atzera bota dira eta honenbestez, udal baratzeetan lurra lantzeko interesa duten herritarren poltsa 63 usurbildarrek osatzen zuten.
Lehentasun taldeen araberako zozketak
Atzoko ekitaldian, ondoko argazkian ageri den moduan, lau ontzi zeuden Sutegiko auditorioko oholtza gainean. Lau zozketa egin baitzituzten. Gogoan izan, Udalak Agerreazpiko baratzeak esleitzeko lehentasun taldeak finkatuak zituela. Lehentasun taldeok, langabetu, jubilatu, pentsiodun, 25 urte arteko gazte edota konpostatze komunitarioetako arduradunek osatuko dituzte. Lehentasun taldeon arabera egin zen atzoko zozketa. Eurek zuten lursailak zozketa bidez egokitzeko aukera gehien.
Aipatu moduan beraz, lau zozketa egin ziren atzokoan. Barruan eskatzaileen zenbakiak zituzten ontzi bakoitzeko zozketa bana egin zen Sutegin. Lehen ontzian, lehen aipaturikoen artean, hiru lehentasun taldeetan zeuden eskatzaileen arteko zozketa egin zen. Kasu honetan, eskatzaile bakarra zegoen. Bi lehentasun taldeetan zeuden interesdunen txanda izan zen gero. Oraingoan, hamaika herritar zeuden parte hartzaileen artean (12 behar zuten, baina eskatzaile bat atzera bota da). Hirugarren zozketan, lehentasun taldeetako batean zeuden herritarren artean egin zen zozketa. 24 interesdun zeuden kasu honetan (25 hasiera batean, baina eskatzaileetako bat atzera bota da). Eta azkenik, lehentasun taldeetan ez zeuden 27 interesdunen arteko zozketa egin zen.
Prozeduraren hurrengo pausoak
Atzoko ekitaldiaren ostean, orain zer? Aurretik finkatua dagoen prozedura aintzakotzat hartuta, zozketatu berri diren udal baratzak behin behingoz esleitu direla gogorarazi beharra dago. Udalak emango du orain behin betiko esleipenerako hurrengo pausoa: "behin behingoz partzelak esleitu zaizkien herritarrek, udal baratzeen emakida eta erabilera arautzeko erregelamendua betetzen dituztela egiaztatuko du Udalak. Hala bada, behin betiko esleituko zaie lur eremua. Bestela, itxarote zerrendan egon eta baldintza guztiak betetzen dituen lehenengo pertsonari esleituko zaio. Zozketa ordenaren arabera, itxarote zerrendan geratuko dira partzela bat egokitu ez zaien herritarrak. Esleipen tartea amaitu baino lehen, partzelaren bat hutsik geratzen bada, itxaron zerrendan dagoen lehen pertsonak ordezkatuko du".