Sorturen Herri Kontseilua nortzuk osatuko duten ezagutzeko hitzordua jarri dute, apirilaren 19rako. Ekitaldia beraz, datorren asteko ostiralean burutuko da, arratsaldeko 20:00etan hasita frontoian. Bertan, Sorturen Usurbilgo Kontseilua aurkeztuko dute jendaurrean. Eta horrekin batera, aipatu alderdiaren prozesu eratzailean adosturiko ildo nagusien berri ere emango dute.
Sortu eratu aurretik prozesu eratzaile bat burutu zen hain zuzen, Euskal Herriko hainbat herri eta auzoetan. Tartean, Usurbilen. Beste erabaki batzuen artean, prozesu horretan bozkatu ziren SORTUko egitura ezberdinetan parte hartuko duten kideak nortzuk izango ziren; "Kontseilu Nazionaleko plantxa, Gipuzkoako kontseiluko plantxa, eskualdeko plantxa eta herriko plantxa".
Honez gain, aipatu prozesu eratzailean, Oinarri Ideologiko berriak eta Ildo Politiko berria finkatu ziren. Baita antolaketa eredua eta funtzionamendu berria ere.
Otsailaren 23an eratu zen Sortu
Laurehun biltzarkide, eta nazioarteko zein Euskal Herriko beste hainbat eragileren aurrean eratu zen Sortu, otsailaren 23an Iruñeako Baluarten burutu zen ekitaldian. Estatutuak aurkeztu eta bi urtera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aldeko epaiaren ostean eratu da alderdi berria. Hasier Arraiz izango da presidentea, eta idazkaritza orokorreko postua hutsik utzi dute, espetxean den Arnaldo Otegi aske utzi arte. Espetxetik hain zuzen, elgoibartarraren agurra jaso zuten, bertaratu zirenek. Sortuko Kontseilu Nazionala 22 lagunek osatuko dute. Horien artean, bada usurbildarrik; Marisa Alejandro herritarra hain zuzen. Finantzen arloa kudeatuko du berak. Zonaldeko arduradunei dagokionez, Gipuzkoakoa Joxean Agirre izango da.