"Buru gaixotasunarekin elkarbizitzea" izeneko hitzaldia antolatu dute Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuek, asteazken honetarako, apirilaren 10erako, 18:30etan Potxoenean. Bertan, "buru eritasuna duten pertsonekin elkarbizitzeko zenbait giltzarri eta gomendio landuko dira". Familia barruan buru gaixotasuna sortzen denean nola jokatu azaltzeko eta laguntza bilatzeko orientabidea eskaintzeko helburuarekin antolatu dute ekimena. Nekane Azuabarrena psikologoa arituko da hizlari lanetan. Buru gaixotasuna duten pertsonak eta euren senideak biltzen dituen Agifes elkartearen laguntzaz antolatu du Udalak, asteazkeneko ekitaldia.
Agifes elkartetik azpimarratu dutenez, "ekimen hau Agifesek buru eritasuna duten pertsonei eta beren senide eta zaintzaileei eskaintzen dizkien laguntza-egitasmoen barne dago. Zehazki, irabazi-asmorik gabeko elkarte hau kolektibo honi laguntza emateko asmoz sortu zen 1985ean, baita buru gaixotasunari buruzko informazioa eta ezagutza zabaltzeko ere. Egun, erakundeak 1.000 bazkide inguru ditu, baina pertsona gehiagori ematen dio zerbitzua. Errehabilitazio psikosozialerako hiru zentro ditu Gipuzkoan: bi Donostian, bata Buenavistan (Altza) eta bestea Benta Berrin, eta hirugarrena, Eibarren. Gainera, zaintzapeko zortzi pisu kudeatzen ditu. Horiek Donostian, Oiartzunen, Irunen, Eibarren, Zumarragan, Elgoibarren eta Legorretan daude kokatuta. Bestalde, harrera eta orientazio programak, laguntza taldeak, etxez etzeko esku-hartze psikohezitzailea, senideentzako eta buru nahasmendua dutenentzako talde terapiak, aholkularitza juridikoko programak eta aisialdi taldea ere eskaintzen ditu elkarteak".
Informazio gehiago eta ekitaldi honen iragarpena, agifes.org atarian.