"Oporrak Bakean" egitasmoan parte hartzeko deia, Udarregitik

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 10a, 00:00

Udarregi Ikastolako web orrialdea berri ematen ari denez, uda partean haur saharrak etxean hartzeko urtero antolatzen den "Oporrak Bakean" egitasmoan parte hartzeko deialdia zabaltzen ari dira. "Laguntza eske jo dute guregana", adierazi dute udarregi.com atariak jasotzen duenez. "Maiatzak 20 Elkarteko kideen gutuna jaso dugu. 2009an euskal eta saharar gazte talde bat elkartu eta bi herrien elkartasunaren alde lan egiteko asmoz sortu zuten Elkartea da", zehaztu dute.

Gizarte Zerbitzuetatik egin duten bezala, "Oporrak Bakean" egitasmoaren nondik norako nagusiak zeintzuk diren gogorarazten dute Udarregi Ikastolatik. "Oporrak Bakean programaren baitan, 7 eta 12 urte bitarteko saharar errefuxiatu guneetan jaio eta hazi diren haurrak, udako bi hilabeteetan euskal familietan harreran hartzen dira. Programa honen bidez, uztaila eta abuztuan gure artean igarotzeko aukera ematen zaie 7 eta 12 urte bitarteko haurrei", ohartarazi dute. 

Haur sahararrak udan etxean hartzeko asmorik duenak, Maiatzak 20 elkartekoekin harremanetan jartzea eskatzen dute, telefono zenbaki honetara deituz: 696 014 786.