Michelingo langileen batzordea eta zuzendaritza bildu dira gaur. Zuzendaritzak estatu espainiarreko lantegietan behar baino 300 langile gehiago zituela ohartarazia zuen. Egunotan hedabideetan iragartzen joan diren moduan ordea, zuzendaritza eta zentro arteko langileen batzordea akordio batera heldu dira gaur. Ez dute langilerik kaleratuko Michelinek gurean, Gasteizen, Aranda De Dueron eta Valladoliden dituen lantegietan.
Perot-eko gatazka konpontzeko bilera, ostiralean
Etzi bestalde, ostiral eguerdiko 12:00etan Donostian bilduko dira Zizurkilgo Perot enpresako langileen ordezkaritza eta zuzendaritza. Bertako lan taldean bi usurbildar daude. Urtarrila amaieratik 75 langileak kaleratu (bi usurbildar tartean) eta enpresa ixtea ahalbidetuko zuen espedientea bertan behera utzi zuen Huyck Wangenerreko zuzendaritzak joan den martxoaren 7an. Hedabideek berri eman dutenez, enpresak Zizurkilgo planta ixteko arrazoi objektiboak daudela dio, eta orain, 13 langileri Italia eta Austriako plantetan lan egiteko aukera eskaini nahi diete. Langileen Batzordetik, enpleguaren eta enpresaren bideragarritasunaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi dute. Orain arte, enpresak negoziatzeko borondaterik ez duela erakutsi salatzen dute.
Langileak kaleratu eta lantegia ixteko Enplegu Espediente Erregulatzailearen aurkako mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dute. Bihar, osteguna, Gipuzkoako Batzar Nagusietara joatekoak dira, erakundeen babesa jasotzeko. Bestalde, larunbatero elkarretaratzeak burutzen dituzte Tolosan eta, langileen batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bileretan ere mobilizatzen segiko dute. Langileak Zizurkilgo planta zaintzen jarraitzen dute, bertako materiala eraman ez dezaten.