Urtean zehar herrian ospatu ohi diren hitzorduen zerrendara ekimen berri bat batuko da aurtengoan. Apirilaren 27an ospatuko den Usurbilgo I. Dantzaren Eguna. Herrian dantzaren inguruan jarduten duten taldeak bilduko ditu, hilabete honetako azken larunbatean ospatuko den egun osoko jaialdiak. Egungo dantzariak, atzokoak, zaletuak, herritarrak... Antolatzaileek parte hartzera animatu nahi dute jendea. Goizetik hasita gauera arte giro polita sortuko delakoan daude.
Egitarauari dagokionez, Kaxko inguruan barrena burutuko den kalejira batekin hasi nahi dute eguna. Dantza Taldea omenduko duen ekitaldi batekin emango zaio jarraipena. Arratsaldean, herriko dantza talde desberdinen emanaldiak ikusteko aukera izango da. Eta gauean, "Sorginetxe" izeneko ikuskizun berria estreinatuko dute frontoian. Bertan, besteak beste, 18 urtetik gorako herritarrekin aurten osatu den dantza talde berriak parte hartuko du, edota baita Zumarte Abesbatzak ere. Ikustekoa izango da.
Egun berean inauguratuko dute bestalde, Usurbilgo Dantza Taldearen erakusketa. Bertan, bilgune honi loturiko material desberdina ikusteko aukera egongo da, apirilaren 27tik maiatzaren 5era, 17:30-20:00 artean Sutegiko aretoan. Erakusketa horretarako materiala biltzen ari dira antolatzaileak. Edonork, argazki, bideo, dokumentazio, arropa edo bestelako materialik izan eta utzi nahiko balu, jar dadila harremanetan Dantza Taldekoekin; dantzataldea@usurbil.com helbidera email bat bidalita edo 650 422 601 telefono zenbakira deituta. Dantza Taldekoek bildutako materiala gainera, datorren urtean argitaratu asmo duten libururako ere baliatu nahi dute. Talde honen historia jasoko dute lan honetan.
Tximeleta taldekoen topaketak
Dantzaren Egunean egokitu da bestalde, Kantu-jiraren hitzordua. Oraingoan, aipatu jaialdiko egitarauaren baitan integratu dute. Kantuaz gain, dantzan egiteko aukera ere izango dela iragarri dute. Horrez gain, Tximeleta soinketa erritmikoko taldeen urteroko topaketak ere apirilaren 27an ospatuko dira. Egun osoz, Oiardo Kiroldegian.
Dantzaren Eguneko egitaraua, ikusgai duzue agenda atalean. Bestalde, astekari honetan, hilaren 27ko jaialdiko antolatzaileetako bi elkarrizketatu ditugu. Galdera erantzunak, irakur dituzue web orrialde honetan.