Realak Madrilen jokatuko du asteburu honetako neurketa, Rayo Vallecanoren aurka hain zuzen. Hitzordu honen harira, Usurbilgo Agirretxe Taldeak asteburu pasa antolatu du Vallecasera. Larunbatean joan, eta igandean neurketa ikusi ostean, itzulera. 65 euroren truke, joan etorria, ostatua eta gosaria ordainduak izango ditu bidaiariak. Partida ikusteko sarrera aldiz, prezioan ez dagoela sartuta ohartarazten dute antolatzaileek. Erreserba egiteko, harremanetan jarri behar da Agirretxe Taldekoekin. Emailez, info@agirretxetaldea.com helbidean edo telefonoz, 666 987 083 zenbakian.
Futbito txapelketaren edizio berria
Asteburu gauetarako frontoiko futbito txapelketa antolatu dute aurten ere. Parte hartu asmo dutenek, ostiral honetara arteko, apirilaren 12ra arteko tartea dute izen emateko. Horretarako, Oiardo Kiroldegian gutunazal batean NAN fotokopiak, taldearen izena, kamisetaren kolorea eta 50 euro ordaindu behar dira. Taldea gehienez, 1997. urtean edo lehenago jaioak diren 10 jokalariz osatuko da. Antolakuntzatik NOAUA!ra helarazi duten beste ohar bat: “Lehenengo partidako bi taldeek porteriak eta marrak jarriko dituzte”. Halere, ekimen honi buruzko zehaztasun gehiagoren berri izateko, bilera egingo da ostiral gaueko 22:00etatik aurrera, Usurbilgo Gaztetxean. Futbito Txapelketan parte hartzera deitzen dute: “Hemen da ostiraleroko giroa! Futbito Txapelketa! Aurten bi liga: neskak eta mutilak! Animatu denok, parte hartzera!”, adierazi dute.