Odolaren Mintzoa, Gaztearen Maketa Lehiaketan

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 11a, 00:00

Abian da Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketa. Ekimen honetarako prestatu duten web orrialdea iragartzen ari denez, "Hasi da bozketa fasea!". Aurtengo txapelketara 300 lan aurkeztu dituzte. Horietatik batzuk baino ez dira pasa, ostegun honetatik zabalik den bozketa fase honetara. Hogei abesti baino ez guztira, eta lehiakideon artean, Usurbilgo musika talde gazte bat dugu, Odolaren Mintzoa. "Gaua" izeneko kantarekin. Luken Arkarazok, Beñat eta Joanes Txuekak eta Jokin Irastorzak osaturiko herriko taldearen aldeko bozka eman nahi duenak, EITB-ko web orrialdean sartu besterik ez du, http://www.eitb.com/eu/gaztea/maketa-lehiaketa/ helbidean. Bertan, "Gaua" abestian klikatu, datu pertsonalen formulario txiki bat bete eta kito. 

Abesti honen alde bozkatzeko aukera dago gaur hasi eta apirilaren 22ra arte. Zaletuek emandako bozka guztiak zenbatu ostean, egun horretan, Gaztea irrati kateak emititzen duen "B Aldea" saioan, Entzuleen Saria norentzat izan den iragarriko dute, baita bigarren talde bozkatuena nor izan den ere. "Gainera, epaimahaiak aukeratutako hiru finalisten izenak jakinaraziko dituzte", berri ematen ari da, eitb.com ataria. 

Iragarpenak iragarpen, Gaztea Maketa Lehiaketako final handia apirilaren 26an ospatuko da, Bilborock aretoan. Bertan, "bi talde edo bakarlari bozkatuenen eta epaimahaiak hautatutako beste hiru taldeen edo bakarlarien zuzeneko emanaldiak" ikusi eta entzun ahal izango dira. "Kontzertu horietan oinarrituta, Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketaren irabazlea aukeratuko dute epaimahaikideek", adierazi dute Gazteatik. 

Hotzikara iaz, finalisten artean
Ia zortea duten Odolaren Mintzoa taldekoek. Duela urtebete, Azkue Fundazioak antolaturiko Banden Lehia 2012ko finalisten artean egon zen laukote usurbildarra. Bestalde gogoan izan, herriko beste musika talde bat, Hotzikara Gazteako Maketa Lehiaketa irabaztear izan zen iaz. Finaleraino heldu ziren Antton Aranburu, David Illarramendi, Mikel Olasagasti eta Beñat Urteaga.