Udaberri honetako asteburu gauetarako futbitoan jokatzen ikusiko ditugu hainbat herritar, frontoian bertan. Kirol ekimen honen edizioa berria antolatu dute. Parte hartu asmo dutenek, gaurkoa dute izena emateko azken eguna. Horretarako, Oiardo Kiroldegian gutunazal batean NAN fotokopiak, taldearen izena, kamisetaren kolorea eta 50 euro ordaindu behar dira. Taldea gehienez, 1997. urtean edo lehenago jaioak diren 10 jokalariz osatuko da. Antolakuntzatik NOAUA!ra helarazi duten beste ohar bat: “Lehenengo partidako bi taldeek porteriak eta marrak jarriko dituzte”. Halere, ekimen honi buruzko zehaztasun gehiagoren berri izateko, bilera egingo da gaur gaueko 22:00etatik aurrera, Usurbilgo Gaztetxean. Futbito Txapelketan parte hartzera deitzen dute: “Hemen da ostiraleroko giroa! Futbito Txapelketa! Aurten bi liga: neskak eta mutilak! Animatu denok, parte hartzera!”, adierazi dute.
Agirretxe Taldekoak, Madrilera
Bestalde, astebururako Madrilera bidaia antolatu du Agirretxe Taldeak. Realak Rayo Vallecanoren aurka jokatuko baitu igandean. Larunbatean joan, eta igandean neurketa ikusi ostean, itzultzea proposatzen diete herritarrei. 65 euroren truke, joan etorria, ostatua eta gosaria ordainduak izango ditu bidaiariak. Partida ikusteko sarrera aldiz, prezioan ez dagoela sartuta ohartarazten dute antolatzaileek. Erreserba egiteko, harremanetan jarri behar da Agirretxe Taldekoekin. Emailez, info@agirretxetaldea.com helbidean edo telefonoz, 666 987 083 zenbakian.