Datorren hau, ez da edonolako asteburua izango, 50. urteurrenaren atarian den Usurbil Kirol Elkartearentzat. Bilguneko bi eskubaloi taldeek jardunaldi garrantzitsuak dituzte jokoan. Batetik, gaur hasi eta igandera arte, Euskadiko Amaiera Sektorean parte hartuko du kadete nesken taldeak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako talde onenak lehiatuko dira Barakaldon. Gipuzkoako ordezkari bakarra izango da bertan, Usurbil Kirol Elkarteko kadete nesken taldea. Eta haiekin lehian, beste hiru talde bizkaitar: Zuazo (Barakaldo), Kukullaga (Etxebarri) eta Errotabarri (Ermua). Barakaldon erabakiko da, gerora espainiar estatuan jokatuko den txapelketara Euskaditik joango den talde ordezkaria nor izango den.
Usurbil Kirol Elkartetik, asteburuan jokatuko den txapelketa honetako neurketen egutegia zehaztua dagoela berri eman dute. Partiden ordena asteartean erabaki zuten, zozketa bidez. Hauexek dira beraz, Euskadiko final handiaren baitan jokatuko diren jardunaldien ordutegiak. Gaurtik igandera, eguneko neurketa bana izango du talde bakoitzak:
Apirilak 12, ostirala
18:00 Zuazo-Usurbil.
19:30 Errotabarri-Kukullaga.
Apirilak 13, larunbata
16:00 Usurbil-Errotabarri.
17:30 Zuazo-Kukullaga.
Apirilak 14, igandea
10:30 Kukullaga-Usurbil.
12:30 Errotabarri-Zuazo.
Ondoren, sari banaketa.
Tokia: Barakaldoko Lasesarre Kiroldegia.
Jubenil mutilek, Gipuzkoako Federazio txapelketa jokoan
Gogoan izan bestalde, jubenil mutilen eskubaloi taldeak neurketa garrantzitsua jokatuko duela larunbat arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Oiardo Kiroldegian. Gipuzkoako Federazio Txapelketako garaile izendatu daitezke usurbildarrak, neurketa honen amaieran. Egia izango dute aurkari. Aurkariari irabazi edota berdinketa bat nahikoa izango da, usurbildarrak Gipuzkoako Federazio Txapelketan nagusitzeko. Etxekoak 12 puntura dira sailkapen buruan. 2 puntura dituzte Egiakoak.
Usurbil Kirol Elkartetik, etxekoek jokatuko duten azken jardunaldi honetara animatzera joateko gonbita luzatzen diete herritarrei. Neurketa, larunbat arratsaldeko 19:00etan hasita, Oiardo Kiroldegian. Hauek dira, astebururako iragarriak dauden gainerako eskubaloi neurketak:
Apirilak 13, larunbata
9:30 Alebin mutilak: Udarregi 5B-Udarregi 5A
10:30 Alebin mutilak: Udarregi 6B-Andoain ikastola 6B
11:30 Infantil neskak: Udarregi B Usurbil-Eibar B
19:00 Jubenil mutilak: Usurbil K.E.-Egia
Apirilak 14, igandea
11:30 Infantil neskak: Udarregi C Usurbil-Pulpo
Tokia: Oiardo Kiroldegia.
Gipuzkoako Selekzioaren deialdiak
Apirilak 14, igandea
10:00-12:00 Jubenil neskak: Leire Furundarena, Pasaiako Udal Kiroldegian, Pasai Donibanen.
Irudia: Usurbil Kirol Elkartea.