Zubikasi, prestakuntzara bideraturiko zerbitzua zabalik Lanbide Eskolan

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 15a, 00:00

Bide profesional berriak jorratu nahi baina nondik hasi ez dakienak, langabezian egon eta lan merkatura itzultzeko prestakuntza bila dabilena, zaletasunen bat izan eta horri bide emateko laguntza behar duena... Egoera guztioi eta beste hainbati erantzuteko, laguntzeko, orientatzeko dago Zubikasi, Lanbide Eskolan kokatua dagoen eskualde mailako Prestakuntza eta Heziketa Bitartekaritza zerbitzua. Zubietara gerturatzen denari inguruan duen eskaintza aurkitzen edota jorratu nahi duen ibilbide profesionalerako helburuak finkatzen laguntzen diote; "gaurko eta geroko prestakuntza interesen azterketa, pertsona bakoitzak dituen beharrak finkatzen saiatzea. Jendeak izan ditzakeen interes, kezkei erantzuna ematea. Bakoitzaren etengabeko prestakuntza ibilbidearen plana egitea, bakoitzak dituen behar edo interesen arabera", Zubikasi zerbitzutik NOAUA!ri berri eman diotenez. 

Egunerokoan, entitate, ikastetxe eta eragileekin hartu emanetan den profesional talde batek gidatzen du, herritar orori zuzendua dagoen eskaintza hau. Egun dugun panoraman, pentsaeraz aldatu eta etengabeko prestakuntzak duen garrantziaz jabetu behar garela diote Zubikasiko langileek. "Orain lanik ez dagoen arren, oso prestatuak egon behar dugu lana dagoenerako eta lana dagoenean, enpresa horiek euren beharrak bete ahal ditzaten", adierazi dute.

Prestakuntzari begira, inguruotan, eskaintza zabala dagoela diote. "Azkenean, bakoitzaren beharren arabera, dagoen eskaintza bilatzen laguntzen dugu", diote Zubikasi zerbitzutik. Gogorarazten dutenez, "bakoitzaren bidea oso desberdina" baita. 

INFORMAZIO GEHIAGORAKO…
Egun dugun Zubikasi zerbitzua baliatu nahi duenak, orientazioa, informazioa, aholkularitza  behar duenak, telefonoz hitzordua egin dezake eta gero Zubietan kokatua dagoen Lanbide Eskolara jo. Bertan elkarrizketa baten bidez, norberak dituen behar edo interesak azaldu ditzake. Bestela, email bidez ere argibideak jaso daitezke. Eta web orrialde bat ere badute. Bertan saltseatuz, informazio eta argibide gehiago jaso daiteke. Aipatu moduan, Zubikasi zerbitzukoekin hartu emanetan jartzeko bide desberdinak daude. Honakoak:

Helbidea:
Etarte bidea, 9 Zubieta (Lanbide Eskola).
Telefonoa: 943 562 061.
E-posta: info@zubigune.com
Web orrialdea: zubikasi.org

Gai honi buruzko informazio gehiago, datorren 527. NOAUA! astekarian.