Usurbilgo Sortu aurkeztuko dute ostiralean

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 15a, 00:00

Sorturen Herri Kontseilua nortzuk osatuko duten ezagutzeko hitzordua antolatu dute ostiral honetarako, apirilaren 19rako 20:00etan Aitzaga aurrean. Bertan, Sorturen Usurbilgo Kontseilua aurkeztuko dute jendaurrean. Eta horrekin batera, aipatu alderdiaren prozesu eratzailean adosturiko ildo nagusien berri ere emango dute. Bertaratzeko gonbita luzatzen diete herritarrei. "Usurbildar guztiok gonbidatuak zaudete ekitaldira!", adierazi dute antolatzaileek, usurbileginez.com web orri bidez. 

Ekitaldiaren ostean, herri afaria ospatuko da Aitzaga Elkartean. Otordura joan nahi duenak, aldez aurretik erosi beharko du txartela. Aitzaga eta Txiriboga tabernetan salgai izango dira egunotan, 18 eurotan. 12 eurotan aldiz, gazteentzat eta langabetuentzat. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "txartelak mugatuak dira, beraz ez utzi azken momentura arte!". Afaritarako menua ere aurreratu dute: "entsalada, arkumea saltsan, etxeko postrea, kafea eta kopa". 

Otsailaren 23an eratu zen Sortu
Sortu eratu aurretik prozesu eratzaile bat burutu zen, Euskal Herriko hainbat herri eta auzoetan. Tartean, Usurbilen. Beste erabaki batzuen artean, prozesu horretan bozkatu ziren SORTUko egitura ezberdinetan parte hartuko duten kideak nortzuk izango ziren; "Kontseilu Nazionaleko plantxa, Gipuzkoako kontseiluko plantxa, eskualdeko plantxa eta herriko plantxa".

Honez gain, aipatu prozesu eratzailean, Oinarri Ideologiko berriak eta Ildo Politiko berria finkatu ziren. Baita antolaketa eredua eta funtzionamendu berria ere. 

Laurehun biltzarkide, eta nazioarteko zein Euskal Herriko beste hainbat eragileren aurrean eratu zen Sortu, otsailaren 23an Iruñeako Baluarten burutu zen ekitaldian. Estatutuak aurkeztu eta bi urtera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aldeko epaiaren ostean eratu da alderdi berria. Hasier Arraiz izango da presidentea, eta idazkaritza orokorreko postua hutsik utzi dute, espetxean den Arnaldo Otegi aske utzi arte. Espetxetik hain zuzen, elgoibartarraren agurra jaso zuten, bertaratu zirenek. Sortuko Kontseilu Nazionala 22 lagunek osatuko dute. Horien artean, bada usurbildarrik; Marisa Alejandro herritarra hain zuzen. Finantzen arloa kudeatuko du berak. Zonaldeko arduradunei dagokionez, Gipuzkoakoa Joxean Agirre izango da.