Errenta aitorpen mekanizaturako hitzordua eska daiteke gaurtik

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 15a, 00:00

Astelehen honetatik, errenta aitorpen mekanizaturako hitzordua eska daiteke, ekainaren 7ra arte. Modalitate honetako aitorpena, baita Internet bidezkoa ere, eta ondarearena egiteko epea berriz, bihar irekiko dute, ekainaren 25era arte. Errenta autolikidazio proposamenak jaso dituzuenok ere, egun horretara arteko tartea duzue, onarpena emateko. 

Ogasunarekin diru kontuak argitzeko ordua heldu da beste behin. Bai hitzordua, baita errenta aitorpena ere euskaraz egitera animatzen dute Buruntzaldeko udalek, martxan duten kanpaina baten bidez. "Dastatu zure etekin bikoitza!. Euskaraz errentagarriagoa!" hala dio, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek hedabideen bitartez argitaratu dituzten iragarkien aldarriak. "Autolikidazio proposamena jaso baduzu orain da garaia, euskara aukeratu!", luzatzen diete gonbita herritarrei. 

Aurtengo kanpaina ekainaren 25era arte luzatuko da. Hona hemen, kontuan hartu beharreko datak:
2013/04/10-2013/06/25: errenta autolikidazio proposamenak onartu ahal izango dira.
2013/04/14tik aurrera: zerga informazioa gipuzkoa.net web orritik eskuratu edo postaz bidaltzeko eskaera egiteko aukera.
2013/04/15-2013/06/07: errenta aitorpen mekanizaturako hitzorduak eskatzeko aukera.
2013/04/16-2013/06/25: errenta mekanizatua eta Internet bidezko aitorpenak eta ondarearen epea.

Informazio gehiago: 902 100 040 edo gipuzkoa.net/ogasuna