Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortu eta Auzitegi Gorenak joan den astean, Donostialdeko zortzi gazteren espetxe zigorra berretsi zuen. Eleak mugimenduak gaur berri eman duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi gazteok atxilotzeko agindua emana du jada. Sare sozialen bidez zabaldu du albistea: “Adi ailegatu da espetxerako agindua. Zatoz Bulera gazteak defendatzera!!!”. Honenbestez, gazteok edozein unetan atxilotu ditzakete. Donostiako Bulebarrean irekia dagoen Aske Gunera joateko deia zabaldu dute Eleak mugimendutik. Atxilotze aginduaren berri jaso ostean, aurrerantzean Aske Gunea 24 orduz zabalik izango dela iragarri dute. Une oro, atxilotuek herritarren babesa eta berotasuna jasoko dute Gipuzkoako hiriburuko Bulebarrean. Atxilotzera baldin badoaz, une horretan, sirena baten hotsa entzun ahal izango da inguruetan, eta herritarrek osaturiko harresi baten bidez babestu asmo dituzte zortzi gazteak.
Bestalde, egunero goizetik iluntzera ekimen desberdinak burutzen ari dira Aske Gunean. Atxilotze aginduaren berri izan laster, jendea Aske Gunera hurbiltzen hasi da astearte honetan. Eguerdiko 12:00etarako elkarretaratzea deitua zuten bertan. Gutxienez 300 lagun bildu dira, Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdiri elkartasuna adieraztera. Sei urtetarako espetxe zigorra ezarri diete. Beste zazpi, Ekaitz de Ibero, Igor Alvarez, Urko Pikaza, Asier Mariezkurrena, Unai Perez, Pello Lamarca eta Beñat Apalategi absolbitu zituen Auzitegi Gorenak, joan den astean.
Aske Gunean gertatzen ari denaren berri ematen dabiltza sare sozialetan. Twitterren esaterako, #AskeGunea helbidean.
Aske Gunea zabalik egon artean, asteazkenero joateko deia
Datozen orduotan gerta daitekeenaren zain, Usurbilgo Ernai gazte antolakunde berriak, Bulebarreko Aske Gunera joateko deia zabaldua du. "Donostiako 9 gazte zigortuei babesa emateko "Aske Guneak "irauten duen bitartean, Usurbildik asteazkenero joatea deia egiten dugu. Hori dela eta, asteazken arratsaldetan 17:00etako autobusean joateko deialdia egiten dizuegu. Egun guztian bertan egon bazaitezkete askoz hobe!!! Osa dezagun geuk ere herri-harresia!!! EUSKAL GAZTERIA AURRERA!", berri eman dute.
Bide batez aipatu, Usurbilgo Ernai jendaurrean aurkezteko ekitaldia antolatu dutela, larunbat honetarako, apirilaren 20rako. Lehenik, Aitzaga paretik abiatuko den trikipoteoa antolatu dute 19:00etan. Eta ordubete beranduago, 20:00etan, ekitaldia frontoian.
Eleak mugimenduak zortzi gazteak defendatzera joateko eginiko deialdiarekin ere bat egin eta Auzitegi Nazionalak emandako atxilotze aginduaren mezua zabaltzea eskatu dute baita Usurbilgo Ezker Abertzaletik, usurbileginez.com web orri bidez.