Usurbil Kirol Elkarteko jubenil mutilen taldea, Gipuzkoako Federazio Txapelketako garaile dugu, joan den larunbatean etxean, Oiardo Kiroldegian, Egiaren aurka jokatutako neurketa irabazi ostean. “36-33 irabazi zioten Egiari eta beste titulu bat lortu zuten, Gipuzkoako Liga irabazi ostean. 2 golengatik bakarrik galtzearekin nahikoa bazuten ere, ez ziren kikildu, partida irabaztera atera baitziren. "Tempo"-ak ongi mantentuz, lasaitasun eta konstantziaz, joko eraginkorrarekin batera, Egia aipatutako 2 goleko mugatik ez pasatzea lortu zen momentuoro. Dena alde izanik, ezin galdu! Eta gertatu behar zena gertatu zen, eta Kopa etxean geratu zen”, berri eman dute pozik, Usurbil Kirol Elkartekoek.
Barakaldon, etxekoak nagusi
Bestalde, kadete nesken mailako lau talde onenen arteko txapelketa ospatu zen asteburuan Barakaldon, aipatu udalerri honetako Lasesarre Kiroldegian. Etxekoek irabazi zuten azkenean, Euskadiko Amaiera Sektorea, Barakaldoko Zuazo taldekoek. Usurbil Kirol Elkartea lau finalisten artean zen. Ez dute garaipena eskuratu ordea, baina nabarmentzekoa da zalantzarik gabe, honaino egin duten ibilbidea. “Nahi bai, baina ezin. Lehen partidan Zuazo txapeldunaren aurka urduritasuna pil-pilean zuten gureek eta ezin izan zuten irabazi. Bigarren egunean Errotabarriren aurka, teorian talde errazagoa, hobetoxeago ibili ziren, baina nekeak eta bankilloan jende gutxi edukitzeak aukerak mugatu egin zituzten. Igandean, ia aukerarik gabe, Kukullagaren aurka ere galtzea egokitu zen. Aipatzekoa joandako dozenaka zaletuen animo eta txaloak, zalantzarik gabe gehien nabarmendu zen zalegoa, bertsoak abestuz eta guzti”, berri eman dute Usurbil Kirol Elkartetik.
Honela geratu da sailkapena: Zuazo lehen postuan, segidan Kukullaga (Etxebarri), Errotabarri (Ermua) hirugarren, eta laugarren postua eskuratu zuen Usurbil Kirol Elkarteko kadete nesken taldeak. Txapelketako zenbait irudi, eskubaloi taldeen bilguneak Twitterren ireki duen helbide honetan aurki daitezke: @UsurbilEskubalo
Irudia: Usurbil Kirol Elkartea.