Gaztea Maketa Lehiaketan parte hartzen ari da egunotan, Odolaren Mintzoa herriko musika taldea. Astearte honetan, 14:30ak pasatxoan 135 bozka jasoak zituen, Luken Arkarazo, Beñat eta Joanes Txueka eta Jokin Irastorzaren "Gaua" abestiak. Hogei postuko "ranking"ean, zazpigarren kanta bozkatuena genuen gaur eguerdian. Gogoan izan, 300 lan aurkeztu dira Gaztea irrati kateak antolaturiko txapelketa honetara. Horietatik 20 baino ez dira pasa bozketa fasera. Egunotan, EITB-ko web orrialdean sartuta, herriko taldearen aldeko bozka eman liteke, http://www.eitb.com/eu/gaztea/maketa-lehiaketa/ helbidean. Bertan, "Gaua" abestian klikatu, datu pertsonalen formulario txiki bat bete eta kito.
Botoa emateko azken eguna, datorren astelehena, apirilaren 22a izango da. Zaletuek emandako bozka guztiak zenbatu ostean, egun horretan, Gaztea irrati kateak emititzen duen "B Aldea" saioan, Entzuleen Saria norentzat izan den iragarriko dute, baita bigarren talde bozkatuena nor izan den ere. "Gainera, epaimahaiak aukeratutako hiru finalisten izenak jakinaraziko dituzte", berri ematen ari da, eitb.com ataria.
Gaztea Maketa Lehiaketako final handia apirilaren 26an ospatuko da, Bilborock aretoan. Bertan, "bi talde edo bakarlari bozkatuenen eta epaimahaiak hautatutako beste hiru taldeen edo bakarlarien zuzeneko emanaldiak" ikusi eta entzun ahal izango dira. "Kontzertu horietan oinarrituta, Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketaren irabazlea aukeratuko dute epaimahaikideek", adierazi dute Gazteatik.