Sagarrondoen loraldiari gorazarre egin asmoz, "1. Sagastiak Loretan" izeneko ospakizuna antolatu da hurrengo asteetarako Usurbilen. Egitarau zabala prestatu du, elkarlanean jardun duen eragile talde batek. Antolakuntza lanetan parte hartu dute hain zuzen, Usurbilgo Sagardo Egunaren lagunak elkarteak; Alkartasuna, Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak; NOAUA! Kultur Elkarteak; Usurbilgo Sagastia E.M.; Itaya Gazte Asanbladak; Aitzaga Elkarteak; Sagardoa eta Sagarra Unibertsitateak; eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak.
Ekitaldi sorta bat bere baitan hartu eta hilabetez luzatuko den zikloa izango da, "1. Sagastiak Loretan ospakizuna". Apirilaren 27rako deitu dute lehen hitzordua: sagasti loretuetan barrena egin nahi den ibilaldia, Jakoba Errekondo paisajistarekin. Azkena ekainaren 1erako, sagastien udako inausketa ikastaroa. Eta tartean, sektore honi loturiko beste zenbait ekimen burutuko dira. Urteroko Sagardo Egunarekin batera, Aginagako Saria baserria ezagutzeko aukera egongo da. XVI. mendeko dolare baserria dugu Saria. Bestalde, ikerketa baten emaitzak plazaratuko dira laster: "Usurbilgo sagastien inbentarioa eta sagar ekoizpena" izeneko lanaren nondik norakoen berri emango da jendaurrean.
Ekitaldiotan argi denez, zer ikusi eta zer entzuna izango da. Baina baita zer probatua ere. Bertako sagarkien dastatze ikastaroa antolatu dute eta, egitarau zabal honen baitan. Egitarauaz ari garela, oraindik aldaketaren bat izan dezakeen arren, hona hemen datozen asteotarako antolatu diren ekitaldiak:
1. SAGASTIAK LORETAN OSPAKIZUNA
SAGARRONDOEN LORALDIAREN GORAZARRE EKIMENA USURBILEN
-Usurbilgo Sagardo Egunaren lagunak elkartea.
-Alkartasuna, Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba.
-NOAUA! Kultur Elkartea.
-Usurbilgo Sagastia E.M.
-Itaya Gazte Asanblada.
-Aitzaga Elkartea.
-Sagardoa eta Sagarra Unibertsitatea.
-Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea.