"Ipuin lapurra", haurrentzako emanaldia gaur liburutegian

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 17a, 00:00

Hilabete honetan ospatuko den Haur Libururen Nazioarteko Egunaren eta Liburuaren Egunaren harira, "Ipuin Lapurra" izeneko ikuskizuna antolatu du Sutegi udal liburutegiak, gaur arratsaldeko 18:00etan liburutegian bertan. Emanaldia 4 urtetik gorako haurrei zuzendua egongo da. 

"Ipuin Lapurra" "Toni La Salen sinestezinezko abentura bat da. Txotxongiloetatik aktore-antzerkirako erdibidean dagoen ikuskizun berri bat, bertan ikusleek modu aktiboan parte hartzeko aukera izan dezaten. Toni La Sal bere izozki-denda ibiltariari bultzaka doa. Herriko plazaren bila, bertan denda ipini eta izozkiak saltzen hasteko asmoarekin. Bat-batean, telefono-dei harrigarri bat hartzen du. Dirudienez, ordea, bere izozki-saltzailearen trajea mozorro bat besterik ez da, eta helburu bat bakarra darabil buruan: herriko bankuan lapurreta egitea!.

Urduri eta beldurrak airean, Toni La Sal atrakuan murgiltzen da hanka eta buru, baina, deskuidu bat tarteko, liburutegiko kutxa gotorra eramaten du berarekin. Pinotxo, Otsoa, Txano Gorritxo, Hiru Txerritxoetan bizkorrena, Sorgina, Katu Botaduna eta Lanparako Jenioa, nola bukatuko duen ez dakigun txotxongilo-istorio zorabiagarri batean katramilatuko dira gaur Toni La Salekin. Ikusleak Hamelingo Txirulariaren arratoi bihurtuko ote dira? Toni La Salek hip-hop doinuen erritmora dantzatuz bukatuko ote du? Kenduko ote du behingoz bere kaskoa?". Erantzuna, apirilaren 17an Sutegi udal liburutegian.