Santixabeletako Jai Batzordea, gaur bilduko da berriz

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 17a, 00:00

Santixabelak antolatzen jarraitzeko bigarren bilera deitu dute gaur arratsaldeko 18:00etarako, Potxoenean. "Jaien inguruko koordinaziorako, garrantzitsua da bilerara etortzea, bertan hartzen baitira Santixabel jaien inguruko erabakiak", ohartarazi dute Jai Batzordetik. Aurreratu bezala, 2013ko herriko festak, ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira. Ostiralez hasi eta asteartez, Santixabel egunarekin batera amaituko dira. Bestalde, apirilaren 9an itxi zuten, festetan ekitaldiren bat antolatu asmo dutenek, ekimenari loturiko informazioa edota aurrekontua aurkezteko zuten epea. Laster, datozen jaiak iragarriko dituen egitaraua diseinatzeko lehiaketa abiatuko da. 

Atxegaldeko jaiak
Atxegaldeko festetako antolaketa lanak ere abiatu ditu jada Jai Batzordeak. Parte hartzea sustatu asmoz, auzokideak prestaketa lanetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte aurten. Horretarako, atxegaldetar guztiei zuzenduriko bilera deitu dute larunbatean, eguerdiko 12:00etan Potxoenean. "Animatu festak antolatzera!", luzatu dute gonbita Jai Batzordekoek. Aldaketarik ez bada, 2013ko Atxegaldeko jaiak, abuztuaren 30ean, 31n eta irailaren 1ean ospatuko dira. Ohi bezala, ostiraletik igandera.