Xabier Lizaso eta Andoni Egañaren "Bi arreba" emanaldia antolatu du NOAUA! Kultur Elkarteak, apirilaren 28rako, 19:00etan Sutegiko auditorioan. Ekitaldirako sarrerak aldez aurretik erosi daitezke, 10 eurotan Txiribogan edota NOAUA!ko egoitzan. 8 eurotan eskuratu ahal izango dituzte bazkideek, NOAUA!ko egoitzan. Egunean bertan ere, Sutegin salgai izango dira txartelak.
Emanaldiaren nondik norakoak
"Chopinzalea da Xabier Lizaso piano-jolea. Xenpelar gustuko du Andoni Egaña bertsolariak. Chopinek eta Xenpelarrek badute elkarrekiko antzekotasunik. Garai beretsuan bizi izan ziren. Biak ziren, bakoitza bere arloan, artista handiak. Biak izan ziren berritzaile. Biak ziren katolikoak. Biak ziren Estadurik gabeko nazioetakoak. Biek bizi izan zituzten garai politiko gatazkatsuak. Biak hil ziren gazterik, biak gaixotasunez ondorioz, bata 34 urterekin eta bestea 39rekin. Eta heriotza orduan, biek izan zuten ondoan…arreba.
Chopin eta Xenpelarrek ez zuten elkar ezagutu. Xabier Lizasok eta Andoni Egañak bai. Horregatik, bi mundu, bi obra, bi kultur-modu eta bi arreba ezagutu eta ezagutzera emateko ahalegina egin dute".