Tximeleta gimnasia erritmikoan aritzen diren taldeen arteko urteroko topaketak apirilaren 27an ospatuko dira aurten, Usurbilgo Dantzaren Egunean. Bi hitzorduak hilabete honetako azken larunbatean burutzekoak zirela ikusita, azkenean Dantzaren Eguneko estreinako edizioko egitarauan integratu dute aipatu ekimena. Goizez eta arratsaldez, maila desberdinetako taldeen erakustaldiak ikusteko aukera izango da Oiardo Kiroldegian. Eta euren jarduera ezagutzera ematez gain, lehiatuko dira baita. Alebin eta infantil mailako taldeak hain zuzen. Hona hemen, topaketa hauen egitaraua:
Egunean zehar, Tximeleta soinketa erritmikoko taldeen topaketa Oiardo Kiroldegian:
10:00-11:30 Benjaminen topaketa.
12:00-13:30 Alebin eta infantilen lehiaketa.
13:30 Sari banaketa.
16:30-18:00 Benjaminen topaketa.
Erakusketarako materiala biltzen
Egun berean, apirilaren 27an inauguratuko dute bestalde, Usurbilgo Dantza Taldearen erakusketa. Bertan, bilgune honi loturiko material desberdina ikusteko aukera egongo da, maiatzaren 5era, 17:30-20:00 artean Sutegiko aretoan. Erakusketa horretarako materiala biltzen ari dira antolatzaileak. Edonork, argazki, bideo, dokumentazio, arropa edo bestelako materialik izan eta utzi nahiko balu, jar dadila harremanetan Dantza Taldekoekin; dantzataldea@usurbil.com helbidera email bat bidalita edo 650 422 601 telefono zenbakira deituta. Dantza Taldekoek bildutako materiala gainera, datorren urtean argitaratu asmo duten libururako ere baliatu nahi dute. Talde honen historia jasoko dute lan honetan.
Apirilaren 27an Usurbilen ospatuko den Dantza Eguneko egitaraua duzue hemen:
11:30 Kalejira trikitilariekin udaletxetik abiatuta, dantzara animatzen diren pertsona guztiekin.
12:30 Usurbilgo dantza ondarearen transmisio ekitaldia frontoian: Usurbilgo Dantza Taldearen lehena eta oraina lotuko dituen ekitaldia.
Ondoren, euskal dantzetako arropen erakusketaren irekiera Sutegin.
17:30 Usurbilgo Dantza Talde ezberdinen erakustaldia frontoian. Parte hartzaileak:
-Tximeleta soinketa erritmikoko taldeak.
-Dantza orientalen taldea, Warda Mallal irakaslearekin.
-Gaztetxeko dantzariak.
-Usurbilgo Dantza Taldea.
-Muxikoak.
19:00 Kantu jira, frontoitik abiatuta.
22:00 “Sorginetxe” ikuskizuna frontoian: Zumarte Abesbatza, Usurbilgo Dantza Taldea, Ixabel Agirresarobe eta Tximeleta Soinketa Erritmikoko taldeak elkarlanean sortutako ikuskizuna.