Usurbilgo Ernai gazte antolakundeak Donostiako Bulebarrean kokatua dagoen Aske Gunera joateko deia egin du, asteazken honetarako. "Donostiako 9 gazte zigortuei babesa emateko "Aske Guneak "irauten duen bitartean, Usurbildik asteazkenero joatea deia egiten dugu. Hori dela eta, asteazken arratsaldetan 17:00etako autobusean joateko deialdia egiten dizuegu. Egun guztian bertan egon bazaitezkete askoz hobe!!! Osa dezagun geuk ere herri-harresia!!! EUSKAL GAZTERIA AURRERA!", berri eman dute.
Bide batez aipatu, Usurbilgo Ernai jendaurrean aurkezteko ekitaldia antolatu dutela, larunbat honetarako, apirilaren 20rako. Lehenik, Aitzaga paretik abiatuko den trikipoteoa antolatu dute 19:00etan. Eta ordubete beranduago, 20:00etan, ekitaldia frontoian.
Ehunka lagun, gazteekin gaua pasatzen
Espainiako Auzitegi Gorenak euren aurkako espetxe zigorra berretsi ostean, Auzitegi Nazionalak Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdi gazteak atxilotzeko agindua eman zuen atzo. Momentuz, aske jarraitzen dute. Atxilotze aginduaren berri izan zutenetik, zabalik da 24 orduz Donostiako Bulebarrean kokatua dagoen Aske Gunea. Ehunka herritarrek pasa dute gaua atxilotuekin, aipatu gune horretan. Ekimen desberdinak antolatzen ari dira egunotan. Larunbatean manifestaldia burutu zen, atzo elkarretaratzea. Kontzertu, tailer edota bertso saioak ere izan dira Aske Gunean.
Une oro, atxilotuek herritarren babesa eta berotasuna jasoko dute Gipuzkoako hiriburuko Bulebarrean. Atxilotzera baldin badoaz, une horretan, sirena baten hotsa entzun ahal izango da inguruetan, eta herritarrek osaturiko harresi baten bidez babestu asmo dituzte zortzi gazteak.
Aske Gunean gertatzen ari denaren berri ematen dabiltza sare sozialetan. Twitterren esaterako, #AskeGunea helbidean. Zenbait kontu itxi dituztela salatu dute gaur.